Bi herritarrek jarraipenerako gailuak aurkitu dituzte autoan

Ugaoko preso baten aitak eta Durangoko preso ohi baten anaiak tramankulu handi bat eta GPS bat topatu dituzte ezkutatuta«Espioitza politikoaz» ohartarazi, eta halakoak epaitegietan salatzeko eskatu dute

Eleak mugimenduaren prentsaurrekoa, aurrean espioitzarako gailuen argazkiak dituztela. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian ireki nahi den garai berriaren aurka» eraso larriak izaten ari direla salatu du azkenaldian Eleak mugimenduak. Bizkaian hainbat gazte jasaten ari diren jazarpenen berri eman zuen duela aste batzuk. «Benetako espioitza politikoaz» ohartarazi zuen atzo: euren autoetan jarraipenerako gailuak aurkitu dituzte bi herritarrek; Ugaoko preso baten aitak, eta Durangoko preso ohi baten anaiak.

Kepa Manzisidor abokatuak eman du gertaeren berri. Bonifazio Badillok, Irkus Badillo presoaren aitak, autoa konpontzera eraman zuenean izan zuen gailuaren berri. Tailerreko langileek tramankulu handi bat aurkitu zuten autoaren kolpeleungailuan gordea. Liher Gonzalezek, Oier Gonzalez preso ohiaren anaiak, gailu txikiagoa aurkitu zuen autoaren azpialdean: GPS seinaleak igortzen dituen tresna. «Espioitza» kasua salatzeko hainbat gizarte eragileren babesarekin egindako agerraldian erakutsi dituzte bi tramankuluen argazkiak. Kaltetuek, salaketa jarri dute epaitegian.

Erantzuleak topatzeko, salatu

Bi kasuak salatu zituzten atzo hedabideen aurrean. Baina abokatuak ohartarazi duenez, ez dira bakarrak: «Badakigu antzeko kasu gehiago gertatzen ari direla». Horiek salatzearen garrantziaz ohartarazi, eta bere kasa zein abokatuen laguntzarekin salaketa judiziala aurkezteko deia egin die horiei guztiei.

Izan ere, Manzisidorren esanetan, salaketa jartzea da «erantzuleak identifikatzeko» modua. Hori ez dela «erraza» izaten jakinda, «lehen momentutik ahal den informazio guztia jasotzeko» gomendatu die kaltetuei: Gailuen argazkiak berehala ateratzeko, zer eta nola dagoen ondo begiratu eta deskribatzeko, lekukoak biltzeko, eta aurrez segimenduen susmorik izan duenak horren berri ahalik eta deskribapen edo identifikaziorik zehatzenarekin emateko. Ahal diren datu guztiak ahal bezain laster bildu, eta horiek epaitegien esku uzteko gomendioa eman du. Hori egitean, epaitegiari frogabideak abiatu ditzala eskatzeko: aurkitutako gailua jaso, eta halakoak nork erabiltzen dituen edo eskuragarri nork dituen ikertu dezatela eskatzeko.

«Erantzuleek halakoetan bilatzen duten inpunitatea ahalik eta txikiena izatea lortzeko» ere eskatu du salaketa juridiko zein publikoa egiteko.

Euskal Herrian konponbiderako prozesu bat abiatzeko ahaleginetan ari denean «Gerra Hotzeko praktikak» gogoratzen dituzten espioitza ekimenak erabiltzearen larritasunaz ohartarazi du Eleak mugimenduak, Esk, LAB, Gorripidea, Gazte Independentistak, Komite Internazionalista, ezker abertzalea, Aralar eta Salhaketako kideen babesarekin egindako agerraldian.

Halako «gerra zikin» kasuak amaitzeko eskatu du Eleak-eko Txerra Bolinagak. Antzeko egoerak bizi dituztenei salaketa egiteko gonbita egin die. Herritarrei, horiei babesa emateko eta halako egoerak ikusarazi eta salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.