Bi lagun etxegabetu dituzte Donostian, Azora funtsen taldeak eskatuta

Kaleratzeak Stop taldeak udalari galdegin dio 'non grata' izenda dezala enpresa. Salatu dute hiriko beste hamar bat familia arriskuan daudela

Atzo kaleratutako bizilagunak, ertzainez inguratuta. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ezertarako tarterik utzi gabe kaleratu zituzten atzo Donostiako Ategorrieta auzoan hustu duten etxean bizi ziren errentariak. Ez diete denborarik utzi ondasunak eta bestelakoak hartzeko. Azora funtsen taldearen eskakizunari erantzunez hustu zuen Ertzaintzak etxebizitza. Tentsioa izan zen agenteen eta kaleratzear ziren herritarrak babestera joandakoen artean, eta pertsona bat atxilotu zuen Poliziak.

Kaleratzeak Stop plataformako kide Rosa Garciak azaldu zuenez, Azora funtsen enpresa da etxegabetzearen «errudun bakarra» eta hura gauzatzera Ertzaintza joan zedin eskatu zuena. Hala, Donostiako Udalari galdegin zion Azora erakunde non grata izendatzeko. Izan ere, Kaleratzeak Stop plataformako kideak salatu zuenez, ezin izan zuten Ertzaintza iritsi aurretik etxebizitza hustu. Halaber, nabarmendu zuen Azoraren beste hamar bat maizter ere arriskuan daudela uneotan.

Orain bi urte hasi ziren etxegabetzearen inguruko zurrumurruak hauspotzen. Donostiako Gros auzoko Saretxe etxebizitza sindikatuak, kasurako, agerraldi bat egin zuen iaz, salatzeko Azora funtsen taldeak joan den urtean erositako eraikin horretan bizi diren hainbat bizilagun etxegabetze arriskuan zeudela.

Oraindik ez zegoen sententziarik, baina etxegabetzeko agindua laster helduko zela esan zuten sindikatuko kideek, eta ohartarazpen garbi bat eman zuten: «Azora funtsen taldeak aurrerapauso bat eman du bere proiektu espekulatiboan». Hain zuzen, funtsen taldeak Ategorrieta kaleko eraikineko bizilagunen alokairuak %33 garestitu zituela gogoratu zuten Saretxe sindikatuko kideek, eta nabarmendu zuten errenta ordaintzeko ezintasuna baliatuta kanporatu nahi zituztela. Auzo horretako hainbat bizilagunek egina zuten Azoraren aurkako salaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.