Bi lagun hil dira itota, bat Esako urtegian eta bestea Alesbesen

59 urteko gizonezko bat hil da Esako urtegian, arraun surfa egiten ari zela. Alesbesen, berriz, 19 urteko gazte bat hil da, udal igerilekuan istripu bat izan ondoren.

Esako urtegia, ekainean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Esako urtegia, ekainean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 21a
09:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Kilometro gutxiren barruan eta ordu gutxiko tartean, bi lagun hil dira itota. Esako urtegian hil da bat (Aragoi, Espainia); 59 urteko gizonezko nafar bat, arraun surfa egiten ari zela. Bestea, 19 urteko mutil bat, Alesbeseko (Nafarroa) udal igerilekuan ito zen joan den ostegunean, eta asteburuan hil da.

Esako urtegian arraun surfa egiten ari zen gizona ondoezik sentitu zen, eta Los Pantanos herrian zeuden lagunei abisua eman ahal izan zien. Haiek gizonari laguntzera abiatu ziren berehala, uretatik atera zuten, eta abisua eman zieten larrialdi zerbitzuei, 13:25etan. Itxura guztien arabera, itota hil zen, baina Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

Hildakoa ezaguna zen Esa inguruan, zenbait urtez bertako jatetxe baten arduraduna izandakoa baitzen.

Igerilekuan

Beste heriotza ostegun gauean gertatutako ezbehar baten ondorio izan da. 19 urteko gaztea Alesbeseko udal igerilekuan sartu zen lagun batzuekin —igerilekua itxita zegoen—. Lekukoen arabera, «istripu bat» izan zuen uretara salto egitean, eta horren ondorioz ito zen.

Gauerdia igaro eta gutxira eman zieten abisua larrialdi zerbitzuei. Foruzaingoa, SOS Nafarroako kideak eta medikalizatutako anbulantzia bat bertaratu ziren, gaztea Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, eta han berehala sartu zuten ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitatean. Asteburuan hil da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.