20. Korrika 

Bi metro eta erdiko lekukoa

Gutxienez, hiru lekuko ditu Korrikak: lehen aldietan ibilitakoa, San Telmo museoan ikusgai dagoena; egun erabiltzen dena; eta, orain, Otxandion egin dioten kopia erraldoia.

Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egurrezko zilindro bat da, baina jostorratza balitz bezala ere irudika daiteke Korrikaren lekukoa, hari ikusezin batekin zeharkatzen dituen herriak josten dituena. Korrikaren elementu sinboliko nagusietakoa da. Milaka herritarrek eskutik eskura emanez, Euskal Herriko zazpi lurraldeak igarotzen ditu, eta euskararen aldeko mezua gordetzen du aldiro barrenean. Bada lekukoak indar berezia duela dioenik, eta, hura heltzerakoan, sentitu egin daitekeela ziurtatzen dute eraman dutenetako askok. Lekukoa beti da Korrikaren protagonistetako bat, eta hala izango da 20. Korrikan ere. Hemendik aurrera, erreplika erraldoia izango du Otxandion.

20. Korrikaren iritsierarekin, lekuko originala baino hogei bider handiagoa den erreplika egin du Alberto Barrondo artisauak. Bi metro eta erdi luze da, eta 150 kilo inguruko pisua du. «Haritz enbor bat lortu nuen, originalaren neurriak begiratu nituen eta neurri horien araberako eskalarekin egurra lantzen hasi nintzen. Hasieran, azala kendu nion, motozerrarekin egin nuen lanik handiena, eta, ondoren, eskuzko erremintekin egin ditut gainontzekoak».

Otxandioko plazan egon da lekukoa ikusgai martxoan, baina Korrikaren hasiera egunerako tokiz aldatuko dute. Hala ere, Korrikak Otxandio utzi ondoren, herriko lekuren batean oroigarri modura jartzeko nahia adierazi diote Barrondori hainbat herritarrek. «Udalak erabaki beharko du lekukoa nonbait jarri ala ez. Ez dakit zer egingo den», adierazi du Barrondok. Ez du ezkutatu lekukoa herriko kaleren batean ikustea gustatuko litzaiokeela. «Niretzat, ohorea litzateke lekukoa herrian ikusgarri egotea, 20. Korrikaren oroigarri».

Korrikako arduradunek Donostiako San Telmo museoan aurkeztu zuten 20. Korrika, iazko azaroan. Leku esanguratsua aukeratu zuten; San Telmo museoak gordetzen baitu lehen lekukoa, 1999. urteaz geroztik. Remigio Mendiburu eskultorearen lana da, eta, hain justu, Mendiburu da Korrikak aurten omendu duenetako bat, euskararen aldeko lehen lasterketaren gainontzeko sortzaileekin batera. 7. Korrikan ere omendu zuten, lekukoaren sortzaile izateagatik, hura hil eta hurrengo urtean.

Mendiburuk eginiko lekukoa ordezkatu egin zuten haren moldaketa batekin. Juan Gorriti artista nafarrak egin zuen. Mendibururen ikasle izandakoa da Gorriti, eta, haren ustez, lehen lekukoak bere horretan iraun behar du: «Gure herriaren historia islatzen duelako». Lekukoa lasterketetan jasotako eurite, malko eta izerdi arrastoekin uztearen aldekoa da.

Erronkazale direnek inoiz Korrikaren egungo eredua are epikoago bihurtu nahiko balute, proposamena bota du Barrondok: «Otxandioko lekukoa eramango dugu denon artean hurrengo Korrikan». Ez da erronka makala. Hizkuntza bat, kultura bat, mundu bat berreskuratzea ere erronka txikia ez den bezala. Lan horretan ekarpena egiteko gogoz direnak asko direla frogatzen ari da, beste behin, Korrika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.