Bi sententziak baliogabetu egin dituzte Pasaiako Udalak kale-garbitzaile lanpostuetarako jarritako euskara eskakizunak

Pasaiako Udalak euskarazko B1 maila izatea eskatu zuen hamabost lanpostutarako, baina epaitegiek horren aurka egin dute. Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzera deitu dute ostiralerako.

Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, joan den hilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euskararen aukako oldarraldiaren kontrako protesta bat, Donostian, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 10a
14:06
Entzun

Berriro gertatu da. Euskararen aurkako ekinaldi judizialak ez du etenik; beste bi sententziaren berri eman du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak: Donostiako Administrazioarekiko Auzien bigarren eta hirugarren epaitegiek bi epai eman dituzte baliorik gabe uzteko gutxieneko euskara mailaren eskakizuna Pasaiako Udalak 2023an kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko egindako deialdian. Hain zuzen, 2015ean hamabost lanpostutarako baldintza gisa jarri zuten euskaraz B1 maila izatea. Alabaina, epaien arabera, «diskriminatzailea» da euskara eskakizun hori, «argudiatzen baita urratu egiten dela lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea».

Euskalgintzaren Kontseiluak bi epaiak salatu ditu: «Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi baten aurrean gaude». Haien esanetan, azkenaldiko epaiak jurisprudentzia sortzen ari dira, eta «gero eta sakonagoa» da euskararen aurkako oldarraldiaren eragina: «Gero eta handiagoa da euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Hainbatetan esan dugu sententzia batetik bestera are eta larriagoa dela egoera, eta, tamalez, hori berretsi beharrean gaude».

Kontuak horrela, Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, 18:30ean, Pasai Antxoko Biteri plazan. Gainera, udaleko langile batzordeak ere protesta egingo du bihar, 13:00etan, Pasai Donibaneko udaletxearen aurrean.

Alderdiei konpromiso eske

Protestarako deia egitearekin batera, Euskalgintzaren Kontseilua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira ere jarri da.  Konpromisoak galdegin ditu: «Euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egiten diegu datorren legegintzaldira begira oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten».

Kontseiluak uste du euskararen normalizazioak orain arte izan duena baino leku eta indar gehiago behar duela «euskaltzaletasunean kokatzen diren» alderdien kanpainetan eta programetan. Halaber, nabarmendu dute gizartean badagoela euskararen aldeko joera bat: «Euskal hiztun komunitateak egunero-egunero erakusten du konpromiso irmo bat. Jendarteak, orokorrean, praktika eta jarrera ugariren bidez behin eta berriro adierazten du euskara minorizaziotik ateratzea nahi duela». Horren adibidetzat jarri dituzte iazko azaroaren 4an Kontseiluak berak antolatutako manifestazioa eta amaitu berri den Korrika.

Halaber, alderdi politikoei eskatu diete «adostasun zabal hori» aintzat hartzeko eta euskararen normalizazioa bermatuko duten proposamen eta neurriak ezartzeko: «Ekarri dezatela euskararen normalizazioa eta biziberritzea beraien agendetako lehen lerrora. Izan ere, euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak egitea da, justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea, askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa da, hain zuzen».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.