Aldiriko tren batek eta merkantziak garraiatzen dituen beste batek elkar jo dute Andoain parean (Gipuzkoa), 20:10 aldera. Andoainen dauden bi geltokien artean gertatu da. Merkantzia trena Donostiarako bidean zihoan, eta aldirikoa, berriz, Altsasurakoan. Zarata metaliko handi bat eragin du, eta aldiriko trenak geratu behar izan du Andoain erdialdeko geltokira iritsi aurretik. Ez da ezbehar larririk izan, baina treneko alarma piztu du kolpeak.
Jendea bere kabuz irteten hasi da Andoainen, ateak irekita. Halere, makinistak minutu batzuk geroago eman du baimena, herri hura helmuga zutenak antolatuta irteteko. Aurrera jarraitu behar zutenentzat, berriz, aldiriko beste tren bat ekarri dute pareko bidetik, ezbeharra gertatu eta 50 minutu ingurura. Bi trenetako ateak parean jarri, eta pasabide metaliko bat bota dute batetik bestera. Atzetik, bide bera egiten zebilen beste tren bat iritsi da. Ondorioz, bietako jendea pilatu da han.