Oraingoz, otsoaren arrastorik ez da ofizialki ageri gainontzeko probintzietan. Animaliaren presentzia Euskal Herriko mendebaldera mugatzen da mementoz; Gorbeia izango litzateke otsoak ekialderantz modu egonkor batean gehien jo duen zonaldea.Noizik behin arrastoren bat edo beste topatu dute Arabako beste toki batzuetan ere. Adibidez, 2002. urtean Gasteizko mendietan aurkitu zituzten eta iazko martxoan, berriz, Entzia mendilerroan. Hala eta guztiz ere, adituek uste dute mendebaldeko gune batzuetatik joan eta gero abiatutako tokietara itzuli ziren otsoak zirela.Datuok ikusita, Otso Taldeko Andres Illanaren ustetan, otsoa dagoeneko Euskal Herrian «finkaturik» dagoela esan liteke. «Dagoeneko ezin esan daiteke otsoa sartzen zaigula, hemen egon badago-eta, hazten hasi delako».Otso Taldeak zenbait hitzaldi eratu zituen atzo, Gasteizen. Euskal Herriko aleei buruzko azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten. Horrez gain, Uppsalako (Suedia) Unibertsitateko Biologia doktore Carles Vilak xehetasunak eman zituen Eskandinaviako eskarmentuaz.
«Ausardia» eskatu dio Arabako Foru Aldundiari
Illanaren hitzetan, «oso onuragarria» izan da mintegia: «Garai batean otsoaren egoeraz hitz egiteko halako beldurra zegoen, baina lan jardunaldiotan ikusi dugu errezeloa galduz doala». Hori bai, oso kritikoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerarekin. Mehatxatutako espezieen inguruan planik onartu ez duen Hego Euskal Herriko erakunde bakarra izatea egotzi dio.
Arabako Diputazioari eskertu dio foru-araua onestea, zenbat uxaldi eta non egin daitezkeen argitzeko eta mastin txakurrak izateko diru laguntzak edo erasotako ardi bakoitzeko subentzioak arautzeko. «Arazoa da foru-araua legez kanpokotzat har litekeela, ez baititu zehazten uxaldiak baimentzeko otsoak egin behar dituen kalteak, eta, bestetik, uxaldian harrapatu daitekeen otso kopurua», ohartarazi du Illanak.Otso Taldeko kideak dio uxaldi ugari egiten direla gaur egun, adibidez, azken asteburuetan. Basurdeak harrapatzekoak izaten dira normalean, baina, otsoren bat agertuz gero, tiro egiteko baimena izaten da.Bestalde, Illanak «ausardia» eskatu dio Arabako Foru Aldundiari abeltzainei esateko Araba ezin daitekeela otsorik gabeko herrialdetzat har. Bazterketa zonaldea izan dadin hiru baldintza jartzen dira: gatazka giro bizia izatea erasoen eraginez; adarzabal, orein edo basurderik ez egotea; eta garrantzi ekologikorik ez izatea. Otso Taldearen aburuz, Euskal Herriko mendebaldean lehendabiziko ezaugarria baino ez da betetzen, otsoaren basa-harrapakinak eta Sobron, Valderejo edo Gibijo bezalako ingurune aberatsak daudelako. «Diputazioak guri esaten diguna UAGA sindikatuari ere esan beharko lioke», aipatu du Andres Illanak.
Abornikanon zazpi ardi hil zituzten eta ez 19
Bestalde, Illanak nabarmendu du otsoek azaroan Abornikanoko (Araba) ustiategi batean egindako erasoaren ondorioak «oso txikiak» izan direla. UAGAk azaroan plazaratu zuen otsoek 19 ardi hil zituztela, baina Illanak dio azkenean zazpi besterik ez zituztela hil eta bat desagertuegin zela.
«Gezurra da ardi-azienda arriskuan jartzen ari dela»
Otso Taldeak dio 2003an otsoek Arabako ardien %0,26 akabatu zituztela; abeltzainek «ikuspegi makurra» dela uste dute
L.K.G. - GASTEIZ
Otso Taldea eta abeltzainak ez dira ia ezertan ados jartzen. Are gutxiago otsoaren erasoei buruzko zenbakietan. Andres Illana ekologistak diputazioen datuetan oinarrituta adierazi du «hutsaren hurrengoa» dela animalion erasoen eragina ardi-aziendetan: 2003. urtean otsoek Arabako 235 ardiren artean eragin zituzten kalteak harrapakina hil, zauritu edo desagerraraziz, hots, guztien %0,26; Bizkaian, berriz, 71 ardi izan ziren, %0,01. 2003a eraso gehien izandako urteetako bat izan zen.
Abeltzainak ez daude ados
Tasa horiek gogoan, Otso Taldeko kideak ondorioztatu du abeltzainen argudioetako batek ez duela oinarririk: «Gezur hutsa da otsoa ardi-aziendak arriskuan jartzen ari denik. Tokatzen zaionak jai daukala onartzen dut, baina hortik esatera eragina itzela dela...».
«Ez da zilegi herrialde oso bateko ardi kopuruaren gaineko batez bestekoa ateratzea», azaldu du Arabako Abeltzain eta Nekazarien Elkarteko (UAGA) Felix Ajuriak. «Otsoaren eraginpean zenbat artzain dauden edo otsoa dagoen tokian arazoak zer eragin daukan da jakin beharrekoa». Otso Taldearena «ikuspegi makurra» dela dio.Hala, UAGAren datuen arabera, 2002. urtean Araban zeuden 800 ardi-aziendetako %60 otsoen erasotako inguruetan zeuden; era berean, ardi guztien erdiak baino gehiago otsoa arrisku handia den eremuan zebiltzan.
Ustiategiak, bertan behera
Gainera, zenbakien gainetik, UAGAk badu otsoaren eraginez ustiategia bertan behera utzi behar izan duten abeltzainen testigantza zuzena ere. Ajuriak gertutik daki, esate baterako, Karrantzan (Bizkaia) artalde batzuk desagertu direla azkenbolada honetan.
UAGAko teknikari Luis Ganuzaren aburuz, badago «zenbaki arazo bat», baina, batez ere, zerikusia du otsoaren eraginpeko zonaldeetan aritzen diren abeltzainen bizimoduarekin: «Abeltzain hori ezin daiteke behar bezala bizi, urtean bi hilabetez autoan mendian lo egin behar izaten baitu otsoa noiz agertuko zain, eta, bestela, zerura begira egoten da beti ea putrerik ageri den... Eta horrela ibiliz gero, normalena izan ohi da artaldea alde batera uztea».