Bi ustezko etakide atxilotu dituzte Frantzian, operazio koordinatu batean

Isaias Carrasco eta Inazio Uria hiltzea leporatzen diote bati; bi sendiek «gogobeteta» sentitu direla esan dute

Erredakzioa
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Iragarri bezala, ETAko kideak atxilotzen jarraitzen du Poliziak. Espainiako eta Frantziako gobernuen elkarlanaren erakusle da Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin dutela operazioa. Ugaitz Errazkin eta Jose Javier Oses atxilotu dituzte Frantziako Albi herrian, eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak jakinarazi du atxiloketekin ETAri zer mezu igorri nahi dioten: «Baldintzarik gabe desegin behar duzue. Onean ez bada, txarrean».

Errazkin Baionakoa da sortzez, baina Hernanin bizi zen, harik eta 2009an ihesari eman zion arte. Ertzaintzak Manex Castro Villabonakoa atxilotu zuenean alde egin zuen. Ertzaintzaren esku egon zen bitartean torturak jaso zituela salatu zuen Castrok, eta, azaldu zuenez, mehatxu eta presioak jasan ezinda zegoelako egin zituen bere buruaren zein bere lagunen kontrako deklarazioak. Nolanahi ere, inkomunikazioko deklarazioen ostean hasi ziren Castro zein operazio hartan nahastutakoak Isaias Carrascoren zein Inazio Uriaren hilketekin lotzen.

Inkomunikazio aldiko deklarazioez gain datu gehiagoren berririk eman ez duten arren, Errazkin hilketa horiekin lotu zuen atzo Espainiako Barne ministroak. Inazio Uriaren familiak berri agentziei jakinarazi dienez, Fernandez Diazek esan die «irmoa» dela Errazkin Uriaren «hiltzailea» dela. Familiak jakinarazi zuen hori baieztatuta «atxiloketarekin gogobeteta» gelditu direla. Sandra Carrasco Isaias Carrascoren alabak, berriz, «lasaitasun ederra» hartu duela esan zuen.

Bestalde, Poliziak 2010ean galdu zuen Osesen pista, espetxetik atera zenean. 2007an atxilotu zuten, kale erasoekin lotuta, eta behin-behinean preso eduki ostean, epaiketaren aurretik libre uztea erabaki zuen epaileak.

Espainiako Barne ministroaren arabera, atxiloketok «golpe oso gogorra» dira ETAren logistika taldearentzat. Erakunde armatua desegin artean hango kideak atxilotzen jarraituko dutela ohartarazi du: «ETAk desegin egin behar du. Onean edo txarrean. Eta serio ari gara».

Berri agentzien arabera, bi atxilotuek armak zeuzkaten, eta haiek erabiltzen zituztelakoan miatutako etxebizitza eta garaje batean material informatikoa eta matrikula faltsuak zituen auto lapurtu bat atzeman dituzte. Frantziako Poliziak 96 ordu baino lehen utzi beharko ditu atxilotuak epaileen esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.