Bi zigortu, tutoretzapeko adingabeak prostituitzera bultzatzeagatik

Delituak Iruñean gertatu ziren, 2021 urteko irailean. Hurrenez hurren, 39 eta 29 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie epaileak kondenatuei

Nafarroako Justizia Jauregia artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako Probintzia Auzitegiak 39 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizonezko bati, eta 29 urtekoa emakumezko bati, adingabeak prostituziora bultzatzeagatik. Delituak 2021eko irailean gertatu ziren, gizonak Iruñean zuen etxebizitza batean. Joan den uztailean hasi zen epaiketa, eta atzo eman zuten epaia.

Hiru neska adingabe dira biktimak. Nafarroako Gobernuaren Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziaren tutoretzapean zeuden, eta, harrera egoitzatik edo familiengandik ihes egin zutela baliatuta, bere etxera eraman zituen kondenatutako gizonak. Bertan, epaiaren arabera,sexu harremanak izan zituen nerabeetako batekin. Horrez gain, bi kondenatuek prostituziora bultzatu zituzten hiru adingabeak. Nerabeetako batek oraindik 14 urte bete gabe zituen, eta zaharrenak 17 zituen.

Epailearen arabera, «argi dago» bi kondenatuek adingabeen «babesgabetasun» egoera baliatu zutela: «Gertakariek agerian uzten dute prostituziora bultzatze horretan adingabeen babesgabetasun egoera baliatu zutela. Ez soilik adingabeak zirelako, baizik eta haien egoera pertsonalagatik. Izan ere, harreran hartuak zituzten zentroetatik edo etxeetatik ihes egin zuten adingabeek, eta, jakinda ez zutela itzuli nahi, horretaz baliatu ziren».

Horrez gain, neskei drogak ematen zizkieten sexu harremanak izaterakoan hartzeko edo ordainsari gisa. Epailearen arabera, «haxixa, kokaina eta speeda» ematen zieten kondenatuek hiru nerabeei. Adingabeak prostituziora bultzatzeagatik eta osasun publikoaren aurkako delituagatik zigortu ditu epaileak gizona eta emakumea: 29 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio bakoitzari. Gainera, gizonari beste hamar urteko zigorra gehitu dio, sexu gehiegikeriagatik. 39 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra, guztira.

Bestetik, ustezko hiru bezero ere epaitu dituzte. Horietako batek delitua aitortu zuen uztailean, epaiketa hasi berritan; eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Gainerako biak, ostera, errugabetzat jo dituzte; fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamabost urteko zigorra eskatzen zuten haientzat. Adingabeetako batek bi bezero horietako bat identifikatu zuen, baina epailearentzat, frogak «ez dira nahikoa». Epaiari errekurtsoa aurkez dakioke Nafarroako Auzitegi Gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.