Jon Lazkano bidaiari eta Banoako gidariak aitortu du inori ez zaiola gustatzen urakanaren erdian egotea. Eta, oraingoan, Banoa astindu duenak edonor birrintzeko modukoa izan da. Aitortu du bezeroak deitzen ari zaizkiela, hainbat bidaiari buruz xehetasunak eskatzen: nola dago egoera Iranen, Georgian...? Yemengo astindua, izan ere, lurrikararen moduan zabaldu baita Euskal Herri osoraino. «Oraindik goiz da, eta denbora pasatzen utzi behar da ondorioak zein diren jakiteko», dio.
Yemenera aurreikusita zegoen bidaiak bertan behera utzi ditu Banoak. Bidaiatzeko gogoa, ordea, ez dute galdu, kolpea bortitza izan bada ere. «Gu kanpora joaten garenean ez gara politikari edo militarrekin harremanetan egoten, kaleko jendearekin baizik: txoferrarekin, saltzaileekin, hoteleko zerbitzariekin... Jende xeheak oso harrera beroa egiten dizu, eta gu beti horrekin geratzen gara».
Munduan, herrialde musulmanetan, irrikan egoten dira, gainera, kanpotarrak iristeko, Lazkanoren hitzetan: «Orain Teheranera edo Aljerrera joaten zara, eta kaleko jendeak harrera ona egiten dizu, haiek ere nahi dutelako kanpotarrak joatea, egoeraren beste bertsioa eman dezagun. Beraz, perspektiba horri eutsi egingo diogu, eta haiengatik jarraituko dugu haien herrietara joaten».
Jon Arretxe ere bidaiari amorratua da, idazlea izateaz gain. Kasu hau gertutik jarraitu du hark ere: «Euskalduna naizelako, eta oraingoan euskaldun batzuei tokatu zaielako. Baina halako gauzak, azkenaldian sarri gertatu dira, eta ez da hain arraroa». Arretxek argi dauka: zorte txarra izan dute. «Edonori gertatu ahal zaio».
Bat dator ideia horrekin Angel Ortiz bidaiari eta mundu erdia zeharkatu zuen Nairobitarra autobuseko gidariak: «Loteria bat da hau. Txartela ez baduzu erosten ez zaizu tokatuko.Mikel Essery askotan joan da Yemenera, Brasilera... Zenbakiak bazituen, eta, tamalez, tokatu egin zaio».
ARRISKU HANDIAGOA. Denak bat datoz horretan: zorte kontua izan da. Baina ba al dago besterik? Mundua ez al da duela urte batzuk baino arriskutsuagoa gaur egun? Jesus Torquemada irratiko esatari eta nazioarteko analista ere bidaiari handia da, eta, haren iritziz, badago lehen baino arrisku handiagoa: «Batetik, hiri handietako delinkuentzia dago. Hiri handiak gero eta bidegabeagoak dira: aberatsak gero eta aberatsagoak dira, eta pobreak pobreagoak. Alde horretatik, munduko hiri askotan ez dago segurtasunik». Baina, horrez gain, erro politikoa duen bortxakeria ere zabaltzen ari dela dio: «Fenomeno horrek herrialde batzuei eragiten die batik bat. Atentatu hau bidaiarien aurkakoa izan da, eta azken urteotan halako bat baino gehiago izan da: Egipto, Indonesia, Kenya... Beraz, bi adar horiek kontuan hartuta, uste dut arrisku handiago dagoela».
Gainera, Torquemadak gogoratu du euskal herritarrek garai batean baino gehiago bidaiatzen dutela. «Eta arriskua handiagoa sentitzen dugu gaur egun, leku guztietara bidaiatzen dugulako. Atentatu hau duela 20 urte gertatu izan balitz, alemanak edo frantsesak izango ziren hilak. Beraz, arriskuaren sentipena handiagoa da».
Angel Ortizek adierazi du, arriskuari dagokionez, gorabeherak izaten direla. «Orain goraldi batean gaudela esango nuke. Gu hasi ginenean Nigerian ezin zen sartu, Txaden ere ez... Agian egongaiztasuna orokortu egin da. Al Kaeda deitzen diote, baina, nire ustez, ez da Al Kaeda, baizik eta herrialdeen egoera. Toki bakoitzean arazo zehatz batzuk daude, eta kokoteraino daudenean, lehertu egiten dira. Turistak oihartzun handiko jomuga gara, eta beti gertatu dira bahiketak eta horrelakoak». Alegia, arriskua beti egon da: «Gertu tokatzen zaizunean ematen du dena hankaz gora dagoela, bainaaspaldi dago hankaz gora».
HERRIALDE MUSULMANAK. Jon Lazkanoren iritziz, mugarri bat dago 2001eko irailaren 11n, eta horrek ekarritako guztiarekin: Afganistan eta Irakeko inbasioak... «Argi dago urte batzuetatik hona Al Kaedaren fenomenoak aldatu egin duela perspektiba, ikusteko eta pentsatzeko modua. Horrek aldaketa bat ekarri du, baina horrek ez du eragiten herrialde musulmanetako herritarren artean, bertakoen harrera oso beroa delako».
Arriskuari buruz, erlatibizatu behar dela uste du Arretxek: «Ondo pentsatu behar da nora zoazen, eta joan aurretik informatu. Zeren eta, bestela, arriskua hemen ere badago. Orain zerbait gertatu delako ematen du bidaiatzea arriskutsua dela. Baina, batez beste, zenbat jende hiltzen da auto istripuz, eta zenbat bidaiatzen?».
Egipto, Saudi Arabia, Aljeria, Yemen, Indonesia... Turistak asko erakartzen dituzten herrialdeak dira, baina atentatu mota batzuk izan dira azken urteotan, eta arriskutsu moduan agertzen dituzte dagoeneko Mendebaldeko herrialdeetako gobernuek. Zer esanik ez Irak eta Afganistan. «Herrialde musulman guztietan dago haserrea, Palestina, Irak, Kaxmir eta beste hainbat herrialdetako egoeraren ondorioz. Herritarrek potentzia handiei leporatzen diete lurralde horietan gertatzen ari denaren errua. Horren ondorioz, egia da, herrialde musulman batzuetan arrisku handiagoa dela. Esaterako, Yemen Siria baino arriskutsuagoa da, eta Pakistan eta Indonesia Turkia baino gehiago», dio Torquemadak.
Mendebaldeak joera du herrialde islamista guztiak zaku berean sartzeko, Jon Arretxeren aburuz, nahiz eta oso ezberdinak izan. «Berdin zaigu Saudia Arabia, Yemen, Iran edo Irak... Baina batetik bestera alde handia dago. Gainera, herrialde horietako jendea oso jatorra izaten da».
Jon Lazkanok salatu du «hipokrisia apur bat» dagoela horri buruz. «Indian ere izan zen atentatu bat tren batean, eta Madrilen ere bai. Baina inork ez du esan Madril arriskutsua dela, eta hara ez joateko. Herrialde horietako herritarraak sekulako prezioa ari dira ordaintzen gertatzen ari denarengatik».
Aurreko astean izandako atentatuan jomuga turistak izan baziren ere, Yemengo Gobernua izan zen benetako helburu politikoa, Lazkanoren ustez. «Yemengo Gobernua AEBen aliatua da, eta Al Kaedaren aurkakoa. Turistak Gobernuaren aurka egiteko tresnak baino ez ziren izan. Egiptoren kasuan ere gauza bera gertatzen da».
Lazkano, Torquemada, Arretxe eta Ortiz bidaiatzen jarraitzeko gogoz daude. «Niretzat hau istripu bat bezala izan da», dio Ortizek. Torquemadak hauxe erantsi dio: «Gainera, joaten zaren lekura joaten zarela, jendea ona izaten da. Ez dago etxean geratzeko arrazoirik, ezta herrialde musulmanetara ez joatekorik ere».
«Arrisku handiagoa sentitzen dugu gaur egun euskal herritarrok, mundu osora bidaiatzen dugulako»
jesus torquemada
nazioarteko gaietako analista eta bidaiaria
«Madrilen ere izan zen atentatu bat, baina inorkez du esan arriskutsua dela, eta hara ez joateko»
jon lazkano
banoa bidaia agentziako gidaria
«Gertu tokatzen zaizunean ematen du dena hankaz gora dagoela, baina aspaldi dago hankaz gora»
angel ortiz
nairobitarra autobuseko gidaria
«Arriskua erlatibizatu behar da: batez beste zenbat jende hiltzen da bidaiatzen, eta zenbat auto istripuz?»
jon arretxe
idazleA eta bidaiaria
Mundu erdia «arriskutsua»
Frantziak eta Espainiak Afrika, Asia eta Hego Amerikako herrialde ugari jotzen dituzte arriskutsutzatI. P.
Donostia
Espainiako eta Frantziako Atzerri ministerioek munduko herrialde guztien inguruko informazioa eskaintzen diete turistei. Hango egoera politikoa, delinkuentzia, gaitz zabalduenak, azpiegitura turistikoen egoera... Espainiako Gobernuak 17 herrialdetara ez bidaiatzeko gomendioa egiten die herritarrei; Frantziako Gobernuak, berriz, 14ra ez joatea aholkatzen du.
Kanpora ateratzerakoan ongi informatu behar dela diote eskarmentua duten bidaiari guztiek. Gobernuen aholkuen inguruan, ez datoz bat, ordea. Jon Arretxe idazleak begiratu ere ez dituela egiten aitortu du: «Lekua benetan ezagutzen duten pertsonekin egoten saiatzen naiz. Horrez gain, Interneten begiratzen ditut gertuko informazioak». Jesus Torquemada nazioarteko analista bat dator Arretxerekin: «Atzerri Ministerioak ematen duen informazioari erreparatuz gero, ez zinateke inora joango. Izan ere, badira delinkuentzia txikia dutenak, eta gerra zibilean direnak. Eta denak zaku berean sartuta daude. Uste dut gobernuek beren burua babesteko egiten dituztela horrelakoak, balizko kargu-hartzeen aurrean».
Torquemadari askoz ere baliagarriago zaizkio beste bidaiarien informazio eta inpresioak. «Baina, hala ere, segurtasunaren kontuan ez da erraza asmatzea. Izan ere, Yemen bagenekien arriskutsua zela, baina inoiz ez zuten turisten aurkako atentaturik egin».
Jon Lazkano Banoako gidariak uste du begiratu egin behar direla Gobernuaren aholkuak. «Kontuan hartzekoak dira, nola ez». Angel Ortiz Nairobitarreko kideak batzuetan kasu egiten die aholkuei, eta besteetan ez. «Baina hau loteria bat da. Orain, adibidez, Irakera ez gara joango, baina horren errua AEBek dute, haiek lehertu dute eta hango egoera. Jende gehiena jatorra da, eta batzuek halako ekintzak egiten dituzte. Baina zergatik? Zer dago gatazken azpian? Batzuek diote islamistak direlako. Ni ez nator bat. Gehiago ikusi beharko litzateke zeinen esku dagoen dirua, baliabideak, petrolioa... Hara joan behar da ikustera nola bizi diren, duela 200 urte bezala. Eta petrolio pila dute».