Frantziako Tourra Euskal Herrian. Zaleen kronika

Bidasoak «batzen duen herria» erakutsi du Gure Esku-ren kalejirak

«Muga batean ez, euskaldunak batzeko zubi batean» aritu dira jai giroan euskal herritar ugari

Gure Esku-k antolatutako kalejira, Irungo Etorbidearen zubiaren gainean. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Irun
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Tourrak ez duela bi estaturen arteko muga bat gurutzatu, herrialde baten barruko zubi bat baizik. Ideia hori helarazi nahi izan diote munduari Gure Esku-ren deialdiarekin bat egindako ehunka euskal herritarrek.

Irungo (Gipuzkoa) Santiago pilotalekuko txoko guztiak hartu zituzten atzo eguerdirako ehunka ikurrinek eta Nafarroako banderak. Irrintzien artean, jai giroan, martxa koloretsua gidatu zuten Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek. Hendaiarantz (Lapurdi) gurutzatzeko zubira iristeko ibilalditxoa hasi aurretik, gozatu ederra hartu zuten haurrek pailazoen kantekin eta etorriarekin. Han bildutakoek, haatik, erreibindikazioa zuten helburu, eta laster abiatu zen kalejira koloretsua Bidasora aldera, handik ordu gutxira Tourreko txirrindulariek igaroko zuten zubi inguruetara.

Irantzu Perello eta Iñigo Urrutia Gure Esku-ko kideek azaldu zuten «batzuek» esango dutela «gaur [atzo] utzi dituela Tourrak euskal lurrak». Ozen esan zuten uste hori okerra dela: «Oker dabiltza. Gaur [atzo] Tourra Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik pasatu ondoren, Lapurdira iritsiko da, eta, gero, Zuberoatik ere pasatuko da». Izan ere, Gure Esku-ko kideen ustez, Bidasoan «muga bat ezarri» diote Euskal Herriari. «Alde bateko eta besteko euskal herritarrok arrotz bilakatu nahi gaituen muga bat da; Europara etorkizun duin baten bila datozenen bizitzak arriskuan jartzen dituen muga bat. Muga horrek eragiten dituen heriotzak jasanezinak zaizkigu», erantsi zuten.

Horregatik, Bidasoko ibaian «muga baino gehiago, zubia egon dadin aldarrikatu» zuten, abiatu aurretik. «Bidasoaren alde batean zein bestean, bada hizkuntza, kultura eta nortasun propioak dituen herri bat, elkarrekin bizi eta erabaki nahi duena», bukatu zuen Urrutiak.

Pirritxen txistu eta danbolinaren doinuaz, gutxika, gerturatuzjoan zen kalejira Bidasora; eskuetan ehunka ikurrin astintzen zituzten martxazaleek, ezker-eskuin. Betiere, Bidasoko hegoaldeko bazterretik aurrera eginez, Irungo Iparraldeko etorbidetik sartu ziren Etorbidearen oinezkoen zubi historiko eraberritu eta zabaldu berrian. Zubi handia itxita zuten, ez alferrik, Frantziako jendarmeek. Hendaiako alderaino egin zuen aurrera martxak, oinezkoen zubi txikiagoan. Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzeko manifestazio koloretsua zubiaren azken zatian gelditu zen, han ere itxia baitzuten jendarmeek sarrera. Zubi gainean, parte hartzaileek lau haizeetara astindu zituzten Nafarroako banderak eta ikurrinak, Bidasoa ibaiaren gainean. Irudi deigarriak lotu zituzten: erreibindikazioa eta festa, Pirritxen, Porrotxen eta Marimototsen kanta ezagunekin. Jendarmeak eta atzerriko turistak aho bete hortz geratu ziren.

Gure Esku-k aurreratu zuen, joan den astean, Bidasoan bi kontakizun desberdin gurutzatuko zirela: «Tourreko antolatzaileentzat, han amaitzen da Espainiako zatia, eta Frantziara sartuko da lasterketa. Guretzat, dena da Euskal Herria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.