Bideak eta Lore hostoak podcastek irabazi dute Rikardo Arregi saria

9.000 euroko sari bana jaso dute: Kazetaritza sailean, batak, Komunikazio sailean, besteak. Menane Oxandabaratz kazetariak jaso du Ohorezko Mugarria.

Rikardo Arregi kazetaritza sariak
Sarituak, ezkerretik eskuinera, Ekain Perez (Lore hostoak podcasta), Menane Oxandabaratz Ohorezko Mugarria, eta Jon Telleria eta Goizeder Taberna (Bideak podcasta)
nerea intxausti
2023ko azaroaren 29a
21:10
Entzun

Rikardo Arregi sarien ekitaldi nagusian sariak banatu dituzte gaur: Bideak podcastak irabazi du Kazetaritza saria eta Lore hostoak podcastak Komunikazio saria. Are, Menane Oxandabaratz kazetaria izendatu dute edizio honetako Ohorezko Mugarri. Rikardo Arregiren omenezko aitortza hauek euskararen normalizaziorako ezinbesteko jotzen dituzten bi alor saritzen dituzte urtero: euskaraz egindako kazetaritza, eta garaian garaiko beharrizanetara egokitutako komunikazio prestu eta modernoa. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak sari banaketa ekitaldia egin du gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean. 

Hiru hamarkada eta erdi bete dituen edizio honetan bi podcast saritu ditu epaimahaiak: Batetik, Naiz irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutako pieza: Bideak. Migrazioa eta errefuxiatuak ditu hizpide, eta Bidasoako pasabidea erreferentzia. Goizeder Taberna eta Jon Telleria igo dira oholtzara egile taldearen ordezkari. Telleriak gogoratu du hau ez dela iraganeko kontu bat, «oraintxe hiru etorkin laguntza eske ari dira Lapurdin, badakigu». Azalean bizi duten pertsonen testigantzak bildu dituzte lehen pertsonan, baita «bidean tranpak jartzen dizkieten estatuetako ordezkarien aitzakiak, merkeak gehienak». Azpimarratu du podcastak kontatzen duen istorioa Bidasoaren bi aldeetan gertatzen dela, «gure herria bezala», eta biharko greba feminista orokorrera batzeko dei egin du. 

Bestetik, Lore hostoak podcastak jaso du Komunikazio saria. EITB Podkastek ekoitzitako audio sorta da eta Ekain Perez du gidari. Musika eta kalaka uztartzen ditu eta, patxadaz entzun daitezke euskal musikari beterano eta gazteak musika elkarrizketa sakonetan. Dena dela, podcasta «kantu batzuk entzun eta horien inguruan solastetik haratago» doala hausnartu du Perezek, artisten inspirazio iturriak eta gogoetak ere lantzen baitituzte. Saria irabazi badu ere, balioan jarri ditu aitortzarik jaso ez duten euskarazko lanak: «Kalitatezko edukia egin behar da euskaraz, baina baita eduki kaxkarrekoa ere». Euskararen normalizaziorako eta biziraupenerako musika lotura tresna ona dela iruditu zaio, musika hizkuntza unibertsala den aldetik. Jon Maiari eman dio arrazoi, bukatzeko: «Azken finean, kantu bat gara». 

Sariek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jasotzen dute, eta ekitaldian hitza hartu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Pozgarritzat jo du sari hauek begirada «erkidegotik haratago zabaltzea», eta epaimahaiari eskertu dio «paperekoari eta uhinei uko egin gabe», teknologia berrietan sortutako edukiak begiz jotzea. 

Menane Oxandabaratz, Ohorezko Mugarri

Kazetaritza eta Komunikazio sariak ezagutaraztearekin batera, Ohorezko Mugarria aitortu zaio Menane Oxandabaratz kazetariari (Gamarte, 1962). Irulegi Irratiaren sortzaileetakoa izan zen, 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan zirenean bertako euskaldunengana heltzeko, Euskal Herri osoko berriak emateko eta hedabideak hein batean euskalduntzeko. Garai horri berari egin dio erreferentzia bere eskertza hitzaldian: «Ehunka ikastola garatzen, irratiak osatzen eta gau eskolak hartzen ibili ziren ehunka euskaldun, ni horietako bat besterik ez naiz». Oraindik ere borrokan dabiltzan militanteekin partekatu nahi izan du Ohorezko Mugarria, eta azken mezu bat bota du: «Jarrai dezagun lau haizetara euskaraz berriak hedatzen». 

Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, Herria Ipar Euskal Herriko astekariaren gidaritza hartu zuenean. Astekaria zaharberritu du, eta dozenaka kolaboratzaileren sareari eutsi dio eta hura zabaldu du. Rikardo Arregi sarietako epaimahaiaren arabera, Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela ―edo lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela― frogatu du Menane Oxandabaratzek. 

Atarian geratu dira

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak orain hilabete izendatu zituen 35. edizioko zortzi finalistak, lau sail bakoitzeko. 

Kazetaritza sarian finalista izan dira: Kinka podcasta BERRIAren webgunean argitaratzen da bi astez behin eta Nagore Arin du gidari. Aldaketa klimatikoaren gaia jorratzen du podcastak, eta «kinka» larrian gaudenez, gutxiago kontsumitzeko ahokuak ematen ditu, hitz berriak irakasten ditu eta erreportaje sakon bat eskaintzen du, besteak beste. Zelan sentitzen zara?, Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkariaren ale berezia, emozioen eta sentimenduen gaiari psikologiaren, medikuntzaren, kirolaren, kulturaren, heriotzaren, gazteen, adinekoen eta abarren begiradatik heldu diote. Eskualdeko pertsonekin jorratutako gaia izanik ere, gai orokor bati eutsi diote. Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera, Xabier Itzainaren kronika sorta ere finalista izan da. Dantzan.eus hedabidean argitaratu ziren eta antropologo itsasuarrak irakulea Mexikon egongo balitz bezala sentiarazten du. Lekukotasuna baliatu du bertako kultura erakusteko. Rikardo Arregi kazetaritza sarien oroigarri bana jaso dute. 

Komunikazio sarian ere izan dira beste hiru finalista: #10garrena podcasta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atzakian sortu zen. Gaur egun ezagutzen dugun bertsolaritzari espero gabeko aldagaiak sartzea proposatu zuen EITB Podkastek, hala nola, publizitatea sartuko balitz ala bertsoak gaztelaniaz balira. Muak Et webseriea, Jokin Etxeberri eta bere bideogile lagunek Tik Tokerako bideo laburrak egin dituzte ezkutuko gaiak azaleratzeko, beti ere ironiaz eta umorez. Harpa Jotzen podcasta, EITB Podkastek ekoitzi du eta Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexuaz hitz egiten dute, eta arpa-jotzera eramaten dituzten elkarrizketatuak umorez galdetzen dituzte. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.