Bidean anbulantzia zerbitzu publikoa maiatzaren 31n jarriko dute martxan

Enpresa publiko horrek 434 langile izanen ditu, eta 110 anbulantzia. Gobernuak 17 milioi euroko diru saila onartu du.

Fernando Dominguez kontseilaria eta Alberto Lafuente kudeatzailea, Bidean enpresa publikoaren aurkezpenean. IRATI AIZPURUA / NAFARROAKO GOBERNUA
Fernando Dominguez kontseilaria eta Alberto Lafuente kudeatzailea, Bidean enpresa publikoaren aurkezpenean. IRATI AIZPURUA / NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2025eko maiatzaren 6a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Anbulantzia zerbitzu publikoa mamitu da Nafarroan: maiatzaren 31n abiatuko da Bidean osasun garraioko sozietate publikoa, SSG eta Baztan-Bidasoa enpresa pribatuei lekukoa hartuta. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek eta enpresa publiko berriaren kudeatzaile Alberto Lafuentek egin dute iragarpena.

«Osasun garraioaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko sortu da Bidean», esan du Dominguezek, enpresa publikoaren egoitzan eginiko agerraldian. «Bermatu nahi dugu paziente guztiek arretarik onena jasotzea, seguru eta bizkor». Osasun kontseilariaren irudiko, Bidean «beharrezko inbertsioa» da eta, luzera begira, kostuak murriztea ekarriko du, ibilgailuak alokatu egin baitituzte, erosi ordez. «Horrez gain, ospitaleen, kontsultategien eta larrialdi zerbitzuen arteko koordinazioa hobetuko du, pazienteei eskainitako arta hobetuz».

Antzeko hitzak erabili ditu Lafuentek Bidean zerbitzua definitzeko: «Osasun garraio kalitatezkoa, eraginkorra eta erabilerraza herritar guztientzat». Enpresa publikoaren kudeatzaileak esan du erakundearen egitekoa zera izanen dela, «pazienteen beharrak lehenestea» eta «profesionaltasunez eta gertutasunez jardutea».

Bidean enpresa publikoak 432 langile izanen ditu. Gehienak —400 inguru— orain arte zerbitzua ematen zuten enpresa pribatuetatik subrogatutako langileak izanen dira, eta, horietaz gain, 24 langile berri kontratatu dituzte.

Bidean-en egoitza nagusia Iruñean dago, Agustindarren industrialdean: bi solairuko eta 540 metro koadroko eraikin batean jarri dituzte koordinazio zentroa, bulegoa, trebakuntza gunea eta administrazio zerbitzuak. Horren aldamenean, 2.450 metro koadroko nabe bat ere eraiki dute, eta 50 anbulantzia gordeko dituzte hor.

Guztira, Bidean sozietate publikoak hamabi base izanen ditu Nafarroa osoan, orain arte enpresa publikoek erabiltzen zituztenak eta hiru berri: Iruñekoa, Tuterakoa eta Zangozakoa.

Ibilgailuei dagokienez, 110 anbulantzia izanen ditu enpresak: 61 berri, renting bidez eskuratuak; eta orain arte erabiltzen ziren 49, Baztan-Bidasoari subrogatuak —gehienez ere bi urte dituzte anbulantzia horiek—. Haietatik, 76 erabiliko dituzte pazienteen garraio programatuetarako, eta 34 asistentzialak izanen dira.

Bidean enpresak 17.177.300 euroko aurrekontua izanen du aurten, zerbitzua martxan jartzeko.

Osasun garraioaren polemika

Nafarroan, osasun garraio zerbitzua eztabaida eta polemika iturri izan da urte luzez. Atzerapenak, baliabiderik eta koordinaziorik eza, anbulantzien egoera kaskarra... Sindikatuek eta pazienteen elkarteek behin baino gehiagotan salatu dute zerbitzuak «gabezia handiak» dituela, eta erantzuletzat jo dituzte zerbitzu hori emateaz arduratzen diren bi enpresak.

2022ko uztailean, esate baterako, CCOO sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan SSG enpresaren kontra, eta administrazioari eskatu zion enpresa iker zezala, diru publikoa «gaizki» erabiltzeagatik.

Sindikatuak ez ezik, erabiltzaileak ere kexu azaldu dira askotan. Giltzurruneko eritasunak dituzten pazienteak biltzen ditu Alcer elkarteak, eta haietako askok astean bitan edo hirutan erabili behar izaten dute anbulantzia, ospitalera joan, hemodialisia hartu eta etxera itzultzeko. Elkarteak salatu duenez, ordea, SSG eta Baztan Bidasoa enpresek orain arte ematen zuten zerbitzua «oso kaskarra» zen: «Hamar urte daramatzagu eskaera berarekin gora eta behera: hobetu dezatela osasun garraioa, gaur-gaurkoz, ez baita eraginkorra», azaldu zuten ohar batean. Alcer elkarteko presidente Gema de la Navaren esanetan, paziente askok «orduak» ematen dituzte anbulantzien zain, osasun zentrora iristeko edo handik etxera itzultzeko: «Antolaketa egokia behar dugu, eta pazienteen beharren arabera diseinatutako ibilbideak».

Zortzi urteko bidea

Zerbitzua publiko bihurtzeko erabakia, hala ere, ez da izan goizetik gauera hartutakoa. Nafarroako Gobernuaren aspaldiko asmoa da osasun garraioko sistema publiko bat sortzea. 2017an, Uxue Barkosen gobernuak iragarri zuen 2018rako eginen zuela, baina prozesua behin eta berriro atzeratu da, eta denbora horretan, zerbitzuaren okertzeaz ohartarazi dute hainbat eragilek.

Enpresa publiko bat sortzea ez da prozesu samurra izan, Dominguezen esanetan. «Oztopoak» izan dituzte orain arteko bidean, baita etxe barruan ere. Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuak, esate baterako, kontrako txostena argitaratu zuen iaz: uste zuten Bidean sortzea eta osasun garraioa zuzenean kudeatzea garestiagoa dela zerbitzua enpresa pribatuen esku uzteko lizitazioa berritzea baino. Dominguezek adierazi du, hala ere, errentagarritasun ekonomikoak ezin duela baldintzatu administrazio publikoaren jarduna: «Osasun zerbitzuez ari garenean, kostua baino garrantzia handiagoa dute zerbitzuaren kalitateak eta eraginkortasunak». Kontseilariak uste du, dena den, bost urteren buruan amortizatu ahal izanen dutela egindako inbertsioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.