Udalbiltza. Berrantolatze prozesua

Bidean moztu zuten ekinaldia gogoan

Ipar Euskal Herrian hautetsi abertzaleen kopurua apala izanik ere, jendeen gogoetan gelditu da Udalbiltzak bultzatu zuen Zuberoa Garatzen kanpaina. Begirada Paristik Euskal Herrira aldatzea eragin zuen.

Hendaian egin zuten 2005eko Aberri Eguna, Udalbiltzak deituta. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Udalbiltza eta Zuberoa Garatzen kanpaina uztarturik ageri dira Ipar Euskal Herriko memorian. Ohitura zahar batzuk hautsi zituela dio Xarlo Etxezaharretak, garai hartako Udalbiltzako zuzendaritzako kideak. Parisek eta Parisen menpe diren egiturek, historikoki, ez diote axola handirik eman Zuberoaren garapen ekonomikoari. Etxezaharretak gogorarazi du elkartasunean oinarritzen zela Udalbiltzak bultzaturiko kanpaina. «Bizkaiko punta bateko herri txiki batek, herritar xume batek, ahal zuen diru ekarpena egin zuen Zuberoa garatzeko asmoz, guztien onerako baita guztion etxea den Euskal Herria eraikitzea».

Lutxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsiak ere parte hartu zuen Udalbiltzaren ekinaldian. Gogoan du abertzaleen arteko ilusioa piztu zuela, baina, aldi berean, susmo txarrez hartu zutela Ipar Euskal Herriko hautetsi anitzek. Funtsean,haiek eman ez zezaketen laguntza eman zezakeen Udalbiltzak.

Milioi bat euro biltzea zen kanpaina horren xedea. 400.000 euro baino gehiago bildu ziren. «Hemengo jendeek ez zuten ulertu Garzon epaileak diru hori bahitu eta Udalbiltzako kideak atxilotzea, haserrea sortu zuen», oroitarazi du Oxandabaratzek. Demokrazia arazoa bistan gelditu zela dio. Herritarrek emandako dirua arrazoirik gabe bereganatu zuelako epaileak. Udalbiltzaren kontrako jazarpenaren ondotik ohartu ziren Ipar Euskal Herriko herritar eta hautetsi anitz, instituzio horrek ukan zuen garrantziaz.

Ruben Gomez Liginaga-Astüeko auzapezak zuzenean jaso zuen Udalbiltzaren laguntza, bost langileko enpresa garatzeko Zuberoan. Ez zen abertzalea, baina sutsuki defenditu zuen ekinaldi hura. «Zuberoak ikaragarriko elkartasuna jaso zuen, eta, hori ikusirik, sentitzen ahal dugun gauza bakarra: poza da. Frantziako Gobernuak gure industria eta ekonomiarentzat daukan laguntza eta interes txikia ikusirik, Udalbiltzaren ekinaldia txalotu baizik ezin daiteke egin».

Xede ugari

Aipamen apalagoa baino garrantzi handia izan duten ekinaldiak ez dira izan Udalbiltzaren jardunean. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko dozena bat eragilek jaso zuten laguntza. Tartean zen Irulegiko Irratiak, Gure Irratiak, Xiberoko Bozak eta Antxeta Irratiak osatzen duten Euskal Irratiak federazioa. Seaskaren Bernat Etxepare Baionako lizeoak ere jaso zuen laguntza, Uda-Lekuk bezala.

Euskal Herria denen etxea dela dio Etxezaharretak. Sei hilabetez preso atxiki zuten Espainian, Udalbiltzako kide izateagatik. Kanpo harremanetan ziharduen. «Udalbiltzari esker ikusi nuen nolako aberastasuna duen Euskal Herriak mundu zabalean», nabarmendu du. Diasporaren irudi «folklorikoa» baztertu, eta egoera politikoaren jarraipena egiten zutela ikusi zuen, elkartasuna adierazteko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.