Analisia

Bidean sakonduz

Pello Urzelai.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat eragilek gutxietsi badute ere, ETAk azken agirian eman duen pausoak garrantzia du egungo fasean. Funtsean, ETAk atea ireki dio nazioarteko egiaztatze batzordeari. Osatzen bada, lanean has daiteke luze gabe. Informala izango da Espainia eta Frantziako gobernuen aitortza ez duelako (oraingoz), baina ez garrantzia edo seriotasun faltagatik. Nazioarte mailako egiaztatze batzorde bat osatzea oso pauso garrantzitsua izango da. Sinesgarritasun gehiago emango dio ETAren su-etenari eta, oro har, ezker abertzalearen apustuari.

Azken batean, egiaztatze batzordeari atea irekitzeko pausoarekin, ETAk sakondu egin du alde bakarrez hasitako bidea. Espainia eta Frantziako gobernuek jarrera aldatzearen zain egon gabe, bidean aurrera egin nahi duela argi utzi du, bakebidea bururaino egiteko borondatea erakutsiz.

Espainiako Gobernuaren eta alderdi nagusien jarrera ikusirik, nazioarteko egiaztatze batzorde bat osatzea —nahiz eta gobernuen aitortzarik gabe izan— prozesua azkartzeko formula eraginkor bat izango da, baita estatuak behartzeko bestelako urratsak egitea ere. Logikak dio, gainera, ETAk batzordea onartzeko prestasuna agertu badu sortze bidean egon daitekeelako dela. Ea argitzen duen Nazioarteko Harreman Taldearen hurrengo bisitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.