'BIDEGI AUZIA'

2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Diputazioak hiru aldetatik egin ditu salaketak Bidegi auzian. Hona zertzelada nagusiak:

Basagoiti. AP-1 autobideko lanei buruzko lehen salaketa azaroan jarri zuen aldundiak: 3,4 milioi euroko iruzurra salatu zuen. Basagoitiko lur biltegiaren arrastotik hasi zen auzia: agiriek zioten ia beteta zegoela biltegia, baina ez zen hala —900.000 metro kubo falta dira—. Hiru lagunen aurkako kereila jarri zuen aldundiak: Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia salatu zuen batetik, eta, bestetik, enpresa eraikitzaileetako bi ordezkari. Azpeitiko auzitegia ari da kasua ikertzen.

Tunelak. Bidegiko ustezko irregulartasunak ikertzeko batzorde bat osatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta aldundiak han jakinarazi zuen irregulartasun gehiago ere topatu zituela. Ondoren, kazetarien aurreko agerraldi batean, ingeniaritza enpresa baten txostena oinarri hartuta egin zuen salaketa. Tunelak aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten 10,3 milioi euro pagatu zituztela egin gabeko lanengatik. Besteak beste, aldundiaren arabera, tunelen bueltan ez dago esandako hormigoiaren erdia ere. Basagoitiko biltegiaren harira aurkeztutako kereila zabaltzeko eskatu zion aldundiak auzitegiari joan den astean. Salatutako hiru lagunei egotzi zien tunelen iruzurra ere.

Arabako zatia. Bidegiren ordainketak ikertzen segituko zutela iragarri zuen Larraitz Ugarte diputatuak —EAJk leporatu dio gezurrezko salaketak egiten ari dela—, eta beste irregulartasun batzuk topatu zituztela jakinarazi zuen atzo. Arabako zatiari dagozkion obra batzuengatik hamar milioi pagatu zituela Bidegik. Aurreko bi kasuetan akusatuek ez lukete zerikusirik izango horretan —beste eraikitzaile batzuk ziren, eta Bidegiren aldetik ez zituen Zugastik sinatu agiriak—. Pisu politiko handiagoko lau pertsona aipatu dituzte —nagusia, Eneko Goia, diputatu ohia eta Donostiako alkategaia—. Auzitara oraingoz ez du jo aldundiak; aztertzen ari da. Iruzurra «ohiko jokaera» zela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.