Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen Bidegi herrialdeko errepideak kudeatzeko, eta Bidelan enpresa dauka azpikontratatua. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak atzo jakinarazi zuen kontratu hori eten egingo dutela erakunde publikoarentzako “kaltegarria” delako.
Markel Olano EAJko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, ordea, kontratua eteteak “milioika euroko galera” ekarriko duela adierazi du, eta “gezurretan” aritzea leporatu dio Ugarteri: “Bidegabea da, eta faltsukerietan oinarritzen da”. Olanok adierazi duenez, Ugartek badaki “Bidelanen urteroko aurrekontuak Bidegiko Administrazio Kontseiluan onartzen direla, eta aurrekontuen edozein desbiderapen edo aldaketa Bidelanek bere gain hartu behar duela”.
Bozeramaile jeltzaleak oroitarazi du kontratu hori “alderdi politiko guztien babesarekin” onartu zela. Haren iritziz, kontratua eteteak agerian uzten du Ugartek “kudeaketarekin dituen gabeziak” eta “ondo funtzionatzen duten lan-eskemak suntsitzeko duen joera”.