Gipuzkoan bidesari gehiago —esate baterako, Etxegaraten— jartzea ekar dezakeen foru araua ezeztatzeko eskatu du Aralarrek. Ebazpen proposamen bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan; egun indarrean dagoen araua bertan behera uzteko eskatu du horretan, edo gutxienez ere «berregituraketa sakona» egiteko. Berregituraketa hori aurrera eramateko aintzat hartu beharko liratekeen irizpideen laburpena ere egin du Aralarrek.
Aurreko legegintzaldian onartu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan bidesari gehiago jartzeari bidea eman diezaiokeen araua, iragan martxoan. Bidesari gehiago jartzeko aukera ematen du, baita Europa barneko errepide sarekoak ez diren bideetan ere. Halaber, bidesariak ordaintzeko agindua ibilgailu arinei ere ezartzeko aukera ematen du. Aldaketa horien guztien harira, irakurketa aski kritikoa egiten du Aralarrek; horregatik, Europa barneko errepide sarekoak ez diren bideetan bidesaririk ez jartzea eskatu du, eta ibilgailu arinei, halaber, bidesaririk ez ezartzea.
Garraiolariak gogoan
Indarrean dagoen foru arauaren edukia «etsigarria» dela nabarmendu du Rebeka Ubera Aralarren batzar nagusietako eledunak. «Hasierako helburuetatik oso urruti geratu da». Horregatik, legealdi berri honetan harago egiteko «aukera paregabea» dagoela uste du. Foru araua «erreformatu edo ezabatu» egin daitekeela nabarmendu du, baina arazoaren muinera jo behar duela emaitza gisa ateratzen den testuak.
Aski kritiko mintzatu dira garraiolariak aldundiaren foru arau berriaren harira. Protesta ugari egin dituzte kontra. Aintzakotzat hartu nahi izan du Aralarrek kamioilarien ondoeza, eta sektore horretako profesionalen arazoa konpontzeko urrats erabakigarri bat agerian utzi nahi izan du: «Zehaztu behar da zer den nazioarteko edo pasoko trafikoa eta bertako trafikoa». Bide batez, auzi honetan «mugakide» diren lurraldeekin adostasuna erdiestea ere oso garrantzitsua dela ohartarazi du Uberak.
Bidesari gehiago jartzea ekar dezakeen araua ezeztatzea nahi du Aralarrek
Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu du ebazpen proposamena, aintzat hartzea nahi duen irizpide berriekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu