Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbide «justu eta arrazionalean» Frantziako Estatuak protagonismo berezia izan behar duela adierazi zuen ETAk atzo ateratako agirian. Aieteko Nazioarteko Konferentziaz geroz lau hilabete «luze» igaro direla eta, bere gogoeten berri eman zion erakunde armatuak Frantziako gizarteari. «Mendeetako gatazka honen konponbidean oinarritutako bake justua eraikitzeko benetako aukera» dagoela azaldu die Frantziako biztanleei. Horretarako, Aieteko Konferentzian eskatu bezala, Parisek gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa zuzenak abiatu beharko dituela dio ETAk: «Frantziako gobernuak gatazkaren ondorioak behin betiko gainditzeko aukerari erantzun positiboa emango diola espero dute euskal herritarrek, ETArekin zuzeneko elkarrizketak abiatuz horretarako».
Nahiz «euskal arazoaEspainiaren auzia bailitzan aurkeztea izan ohiden Frantziako agintarien diskurtsoaren zutabea», argi azaltzen die Frantzia gatazkako «eragile zuzena» dela: «Frantziak zein Espainiak Euskal Herria herri dela eta euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela ukatu egiten dute». Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren aitortza politikorik eza ere deitoratzen du ETAk, eta gehitu du «Euskal Herritik luzatzen zaion berezko koadro instituzionalaren aldeko aldarrikapenari» entzungor egiten jarraitzen duela Frantziako Gobernuak.
«Euskal erresistentziaren kontrako errepresio estrategian ere, frankismo garaitik gaur egun arte», Frantziak Espainiarekin «bat egin» duela azaldu dio ETAk Frantziako gizarteari: «Parte hartze zuzena izan du gerla zikinean, euskal militanteen desagerpenean eta tortura auzietan». Horrez gain, Frantziako kartzeletan diren 140 euskal preso politikoen eta iheslari politikoen kasuak eta euskal herritarren aurkako atxilotze zein jazarpenak aipatzen ditu. Aieten «konponbiderako osagaiak biltzen dituen ibilbide orria» kontuan hartu ordez Frantziak «estrategia errepresiboari jarraipena eman» diola deitoratu du ETAk: «Euskal herritarrak atxilotuz, euskal preso politikoekiko zigor politikari eutsiz eta euroaginduen bidez euskal herritarrak Espainiako Estatuaren eskuetan utziz».
Bake prozesuaren alde Ipar Euskal Herrian eraikitzen ari den dinamikaren berri ere ematen du: «Iraganarekiko eta etorkizunarekiko posizio politiko ezberdinak izan arren, adostasun zabala adierazi dute egungo aukera historikoan Frantziaren konpromisoak eta urratsak behar direla azpimarratzean». ETA baikor agertzen da gatazkaren jatorrian diren erro politikoei erantzuteko Ipar Euskal Herriko eragileek izango duten ahalari begira ere: «Euskal Herriko indar politiko, sindikal eta sozialak horretarako behar diren akordioak lortzeko gai izango direlakoan dago ETA».
Euskal Herriari elkartasuna agerrarazten dioten Frantziako herritarrei «esker ona» adieraziz bukatzen da agiria, eta «bake justu eta iraunkorra» eraikitzeko aukera burura eramateko «beren ahaleginarekin jarraitzeko animatuz».
Paris, «Espainiaren ondoan»
«Espainiaren gisara, talde terroristak bere kideen desarmatze osoa iragartzearen beha gaude». Horra zer erantzun eman zuen atzo bertan Bernard Valero Frantziako Atzerri ministroaren bozeramaileak. Atzerri Ministerioaren izenean iharduki izanak, agerian utzi zuen berriz Frantziak euskal gatazkaren gaia Espainia eta Euskal Herriaren artean kokatzen duela. Frantziako Gobernuak argi utzi zuen Espainiaren «ondoan» segituko duela, hori «bortizkeriaren behin betiko bukaera lortu arte». ETAren agiriari doakionez, ez dutela jaso zehaztu zuen,eta argi utzi «agiriak argitaratzen dabiltzan batzuen jokoan» ez direla sartuko. ETArekin «inoiz ez» negoziatzeko eskatu zion Parisi AFVT terrorismoaren biktimen Frantziako elkarteak.
«Bidezko konponbidean» Frantzia ere protagonista izatea nahi du ETAk
Frantziako gizarteari begira atera du agiria ETAk, Frantziako Gobernuak gatazkan duen «parte hartze zuzenaren» berri emanezParisek dio Espainiaren ondoan izanen dela «bortizkeriaren bukaera lortu arte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu