Ikerketan, kontuan hartu dituzte Europako herrialde gehienak, Ameriketako Estatu Batuak eta Txile: guztira, 29 herrialde. 2019ko datuekin alderatuta, bizi itxaropena sei hilabete baino gehiago laburtu da ikertu dituzten herrialdeetatik 27tan.
Oxfordeko Unibertsitateak argitaratu du ikerketa, eta, adituen arabera, COVID-19ak zerikusi zuzena dauka jaitsiera horrekin. «Gure ikerketaren emaitzak erakusten dute zuzenean koronabirusa dela bizi itxaropena laburtzeko arrazoi nagusia, eta horrek erakusten du nolako kaltea eragin dien pandemiak herrialde gehienei», nabarmendu du ikerketako egileetako batek, Ridhi Kashyap-ek.
Herrialde gehienetan gizonezkoen bizi itxaropena laburtu da gehien, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan: han, 2,2 urte jaitsi da. Horrez gain, ikerketan parte hartu duten 29 herrialdeetatik hamabostetan ondorioztatu dute 2020. urtean jaio ziren emakumeek bizi itxaropen laburragoa dutela 2015. urtean jaio zirenek baino, eta gizonekin beste hainbeste gertatu da hamar herrialdetan.
Heriotza tasa ere handitu egin da, batez ere 18 eta 60 urte artekoen artean Estatu Batuetan, eta 60 urtetik gorakoetan Europan.
2015-2019 bitarteko datuekin konparatuz egin dute ikerketa, eta, behin heriotza tasak kalkulatuta, heriotza horietatik COVID-19ari zenbat dagozkion ere kalkulatu dute ikertzaileek. Azterlanetik ondorio garbiak atera dituzte: COVID-19 pandemiaren ondorioz, heriotza tasa nabarmen handitu zen 2020an, Mendebaldeko Europan Bigarren Mundu Gerratik edo Ekialdeko Europan Sobietar Batasuna desagertu zenetik ikusi ez den neurrian.
Ikertzaileek nabarmendu dute ezberdintasun handiak aurkitu dituztela herrialdeen artean. AEBetan, adibidez, jaitsiera nabarmena izan da, baita Espainian ere. Eskandinaviako herrialdeetan, berriz, jaitsiera txikiak erregistratu dituzte.