Bihar ere lanuzteak egingo dituzte Bilboko metroan

Enpresak berriro iragan asteko proposamena aurkeztu diela iritzita, protestekin segitzea ebatzi dute sindikatuek

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Bilboko Metroko langile batzordeak bihar lanuzteak egiteko deialdiari eustea erabaki du. Atzo bi bilera izan zituzten enpresarekin, eta ez zuten akordiorik lortu. LABeko ordezkari Raul Mendezen arabera, «aurreko asteko proposamen berbera aurkeztu» zien berriro enpresak. Hori dela eta, gaur «ustez berria izan behar zuen» proposamena aztertzeko egitekoak ziren batzarrak bertan behera utzi zituzten; ez ,ordea, 10:00etan egingo duten elkarretaratzea. Etzi lan bitartekaritzaren egoitzan elkartuko dira berriz ere bi aldeak. Aurreko bi asteetan bezala, biharko lanuzteak 06:30etik 08:30era eta 18:30etik 20:30era izango dira.

Joan den astean langile batzordeak enpresak proposatutako hainbat puntutan amore eman eta onartu egin zituela gogorarazidu Mendezek. Orain, gatazka langileen kopuruaren inguruan dago.

Batetik, gidarien auzia dago. «Bai enpresa bai gu bat gatoz kopuruan, baina enpresak dio udazkenean Basaurira arteko zatia inauguratzen denean ere gaur eguneko 160 gidariekin jarraitu behar dugula. Guk, ordea, 160 gidari nahikoa direla diogu, baina gaur egun, Basaurira arteko zatia martxan jarri aurretik». Langile batzordearen iritziz, metroaren ibilbidea luzatzen denetik hiruzpalau gidari gehiago beharko lituzke Bilboko Metroak gaur egungo gidarien lan karga gehiegi ez hazteko.

Geltokietako beharginen edo begiraleen inguruan sortu da bigarren konpondu ezina. 175 begirale proposatzen ditu enpresak. Langile batzordeak, ordea, beste hiru behar direla dio.

Ostegunera begira

Mendezek ez du espero osteguna baino lehen enpresaren berririk izatea. «10:00etan dugu hitzordua datorren asteko mobilizazioekin zer gertatuko den erabakitzeko. Bitartekaria, enpresa eta gu elkartuko gara», azaldu du. Adostasunik gabe joango direnez, lehendabizi bitartekaritza onartzen duten edo ez esan beharko dute bi aldeek. «Baietz esango dugu, bestela, ez ginateke hara joango», iragarri du. Ondoren, bitartekari horrekin beste bilera bat egin beharko dute. Mendezek ostegun arratsaldean edo ziurrenik ostiral goizean izango dela uste du.

Bilera horretan bitartekariak bi aldeen jarrerak aztertuko ditu bere proposamena egituratu ahal izateko. «Ikusiko dugu behin bitartekariaren aurrean gaudela enpresak jarrera honi eusten dion edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.