11/13 sumarioko epaiketa

Bihar hasiko da Madrilen 11/13 sumarioko epaiketa

Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatuko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa. Euskal presoen sostengurako taldeetan jarduten ziren auzipetuak. Fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du, denera. BERRIA-k bertatik bertara jarraituko du epaiketa.

Maider Galardi
2019ko irailaren 15a
11:15
Entzun

Herrira-ko kideak, Etxerat-ekoak, presoen osasunaz arduratzen den Jaiki-Hadi elkartea, abokatuak eta bitartekariak dira 47ak. Fiskalak "erakunde terroristako kide" izatea egotzi die, eta auzipetuek salatu dute "euskal presoen eskubideen alde egindako lana" dela epaituko dena.

Abokatuak, medikuak, psikologoak, bitartekariak eta Etxerat eta Herrira-ko kideak dira auzipetuak, eta fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du, guztira. "Erakunde terroristako kide" izatea leporatzen diete auzipetu guztiei, eta ETA finantzatzea horietako askori. 2012ko egitateei dagozkie egozten dizkieten delitu horiek guztiak.

Lehen atxiloketak izan eta sei urtera abiatuko da epaiketa. Akordiorik ezean, hiru hilabete iraungo du epaiketak, eta auzipetuek salatu dute 350.000 euroko gastua izango dutela bitarte horretan. Zigorra ezartzen badiete, espetxealdiari ez ezik, isun ekonomikoei ere egin beharko diete aurre.

Arantza Zulueta abokatua da auzipetuetako bat eta kezkatuta dagoela aitortu dio Bizkaiko Hitza-ri: "Kezkatuta nago, eta ez bakarrik gure etorkizunaz, baizik eta Espainiako Estatuaren apustua errepresioaren aldekoa delako, eta oraindik ere gerra jokaera dagoelako. Mendekua nagusi izanik, zer gertatuko da barruan ditugun 248 preso politikoekin?".

Uda osoan zehar elkartasun eta sostengu ekitaldiak egin dituzte Euskal Herrian, azkena larunbatean Bilbon egin zuten manifestazio jendetsua. Giza eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna. Herrian lelopean Bizkaiko hiriburuko kaleak bete zituzten milaka pertsonek. "Euskal jendartea adierazten ari da iraganean katramilatu nahi gaituen edozein bidegabekeria eta sufrimendu atzean utzi nahi duela", nabarmendu zuten Ibon Meñika eta Amaia Izko auzipetuek.

Elkartasuna auzitegiko ateetaraino

ERC Esquerra Republicana de Catalunya, Junts per Catalunya eta EH Bilduko ordezkariak Auzitegi Nazionaleko atarian zain izango dituzte auzipetuek elkartasuna adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.