11/13 sumarioko epaiketa. Manifestazioa

Maletak bete elkartasun

Milaka pertsona elkartu dira Bilboko kaleetan, 11/13 sumarioko auzipetuei babesa emateko. Auzipetuek «arduraz» jokatuko dutela adierazi dute: «Gure herriak aurrera begiratu nahi du». Bideoa albiste barruan.

Auzipetuak, udaletxeko eskaileretan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Gotzon Hermosila- Uxue Gutierrez
Bilbo
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, 47 euskal herritarren aurkako makroepaiketa, 11/13 sumarioa dela eta. Madrilera abiatuko diren auzipetuak ez dira esku hutsik joango, Bilboko kaleetan jasotako elkartasun adierazpen ugariak eramango baitituzte. Egin-eginean ere, milaka lagun bildu ziren atzo Bilbon, Giza eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna. Herrian goiburupean, epaiketaren kontrako arbuioa adierazteko 50.000, Naiz agerkari digitalak zenbatutakoaren arabera; Bilboko Udaltzaingoak esan zuen 20.000 inguru izan zirela.

Manifestazioa hasi aurretik, auzipetuetako bik, Ibon Meñikak eta Amaia Izkok, laburbildu zituzten bihar Madrilera joan beharko duten 47 herritarren gogoetak: «Hemen bildu den jendetza esaten ari da injustizia hau lekuz kanpo eta garaiz kanpo dagoela. Baina ez hori bakarrik: euskal jendartea adierazten ari da iraganean katramilatu nahi gaituen edozein bidegabekeria eta sufrimendu atzean utzi nahi duela».

Hori ikusita, auzipetuak ere «erantzukizuna» hartzeko prest daude: «Etorkizunaren aldeko apustua Madrilera eramango dugu. Hemen jasotzen ari garen elkartasun guztia baliatu eta arduraz jokatuko dugu. Gure herriak aurrera begiratu nahi du, eta gu horren parte sentitzen gara. Norabide horretan ekarpena egiten jarraituko dugu, gauden lekuan gaudela», esan zuen Meñikak.

[youtube]https://youtu.be/evmPOYqR4eE[/youtube]

Presoak gogoan

Presoen alde aritutakoak dira epaituko dituzten herritarrak: abokatuak, medikuak, elkartasuna antolatzen ibilitakoak, senideak ere zenbaiten kasuan. Horregatik, presoak ere gogoan izan zituzten Izkok eta Meñikak beren adierazpenetan, eta «salbuespen neurrietan oinarritutako espetxe politika alboratu, eta preso eta iheslarien etxeratzearen aferari irtenbidea emango dion agenda baten beharra» aldarrikatu zuten.

Eragile ugarik bat egin zuen manifestazioarekin. Han izan ziren, besteak beste, EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Bakartxo Ruiz, Ahal Dugu-ko Andeka Larrea, Sortuko Arkaitz Rodriguez, ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruko ordezkariak, mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko kideak, Etxerat, Sare, Gure Esku eta abar. Kataluniako ANC Biltzar Nazional Katalanaren ordezkariak ere egon ziren mobilizazioan.

[youtube]https://youtu.be/PdROWAxO_3w[/youtube]

17:40ean abiatu zen manifestazioa La Casilla plazatik. Pankartan, manifestazioaren goiburua, eta hari eusten, euskal gizarte eta kulturako lagun ezagun ugari: Ana Mezo, Xochitl Karasatorre, Jon Maia, Ion Telleria, Amaia Zufia, Felix Cañada, Beatrice Molle, Amaia Goirigolzarri, Mario Zubiaga, Aitor Merino, Oihana Mujika, Arantza Garbayo eta Garbiñe Ubeda han izan ziren. Atzean, 47 auzipetuak, eragileekin batera, eta alboetan, milaka lagun, txaloka, epaituko dituztenei babesa ematen. Auzipetuak ere txalo jotzen ari ziren, jasotako elkartasun hori eskertu guran.

Arin egin zuen manifestazioak Zabalburu plazarainoko bidea; handik ikusten zen Autonomia kale osoa jendetzak hartuta zegoela. Manifestarietako askok xingola horiak zeramatzaten paparrean, Kataluniako presoei ere elkartasuna adierazteko asmoz, eta «Euskal presoak etxera», «Epaiketarik ez» eta «Elkartasuna ez da delitua» izan ziren gehien entzundako oihuak.

Zabalburu plazatik Plaza Zirkularrera jo zuen manifestazioak, txalo eta oihu artean, eta Hurtado Ametzaga kalean zehar. Bilboko udaletxeko eskaileretan egin zuten amaiera ekitaldia, inguruak betetzen zituen jendetzaren aurrean.

«Iraganeko zauriak itxi»

Jon Maia bertsolariaren eta Maite Txurruka eta Urtzi Ibero musikarien parte hartzearen ostean, auzipetuen aldeko agiria irakurri zuten Amaia Zufiak eta Ana Mezok. Jon Maiak idatzitakoa da agiria, eta bi hilabetean 11.300 atxikimendu baino gehiago jaso ditu. Aipatutako agirian «etorkizunaren» aldeko hautua egiten da: «Euskal jendarteak aurrera egin nahi du, eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak itxtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da», esan zuten Zufiak eta Mezok.

Agirian adierazitakoaren arabera, Euskal Herrian badaude «zimenduak» bestelako herri bat eraikitzeko: «Norbanakoaren giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkarbizitza». Baina horretarako beharrezkoa da «gatazka logika batean asmatutako prozedurak» etetea: «Guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita».

Bihar hasiko den epaiketa «etorkizunerako ate» bilakatzeko deiarekin amaitu zuten Zufiak eta Mezok agiriaren irakurketa: «Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da».

Itxi beharreko parentesi bat

Nor dagoen auziaren beste aldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.