Arantza Zulueta

"Presoen sostenguaren eta elkartasunaren kontrako epaiketa da"

Astelehenean hasiko da 11/13 sumarioan auzipetutako 47 lagunen kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zulueta da horietako bat. Espainiako Estatuaren apustua errepresioaren aldekoa dela dio.

jarraia171054.jpg
2019ko irailaren 13a
21:58
Entzun

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko kideen aurkako operazioan atxilotu zuten Arantza Zulueta abokatua (Lekeitio, Bizkaia, 1960), 2014ko urtarrilean, beste zazpi lagunekin batera, Guardia Zibilak EPPKren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontra egindako operazioan. Espetxeratzea eta bakartzea pairatu ondoren, epaiketari egingo dio aurre orain, presoen babes taldeetan aritzea egotzita auzipetuta dauden beste 46 lagunekin. Astelehenean hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bihar, manifestazio nazionala egingo da Bilboko kaleetan: 17:30ean hasiko da.

Zelan zaude epaiketa atarian?

Zaila da norberaren sentimenduez hitz egitea horrelako egoera batean, eta, beharbada, nire kasuan zailago, militante, kide eta errepresaliatu askoren errealitatea ezagutu dudalako eta haien sentimenduak konpartitu ditudalako epaiketa bati aurre egin behar zaionean. Karrusel bat da batzuetan. Goian zaude batzuetan, edozeri aurre egiteko indarrez; beste zenbaitetan, baxu, zer gertatu daitekeen kezkaz.

Kezkatuta zaude orain?

Kezkatuta nago, eta ez bakarrik gure etorkizunaz, baizik eta Espainiako Estatuaren apustua errepresioaren aldekoa delako, eta oraindik ere gerra jokaera dagoelako. Mendekua nagusi izanik, zer gertatuko da barruan ditugun 248 preso politikoekin?

47 auzipetu, guztira 601 urteko kartzela eskaera, 8 eta 20 urte bitartekoak denak… 18/98 auzitik euskal herritar gehien epaituko duten kasua da. Zein da 2019an halako epaiketa bat egitearen arrazoi politikoa?

Kontua ez da epaiketa 2019an egingo dela, baizik eta presoen aldeko elkartasunaren eta babesaren kontra 2013an operazio politiko-poliziala abiatzea. Ordurako, ETAk bertan behera utzita zeukan borroka armatua, eta EPPK-k bide demokratikoen aldeko hautua eta kalteen onarpena eginak zeuzkan. Hala ere, Espainiako Estatuak operazio hau abiatu zuen, eta, horren ondorioz, salbuespen auzitegiak epaituko gaitu orain. Mendekuan oinarritutako politikan jarraitzen dute; kontakizunaren gerran daude. Badakite presoak herri honetarako altxor inportantea direla, eta haiekin jokatzen dute herri honek askatasunaren alde hartutako bidea oztopatzeko, errepresio neurri gisa erabiliz sakabanaketa, urruntasuna, bakartzea, legea eta auzitegiak.

Euskal presoen inguruan aritutako jende asko zarete epaituko direnak.

Ez dugu ahaztu behar hau presoen sostenguaren eta elkartasunaren kontrako epaiketa bat dela azken finean, euskal preso politikoak helburu dituen operazioa, haiekiko kalean dagoen elkartasuna eta babesa mozteko asmoa duen operazio juridiko-poliziala. Horretarako, operazio horrek, medikuak, Herrira-ko kideak, abokatuak, bitartekariak eta Etxerateko kideak atxilotu eta espetxeratu zituen. Presoen inguruan lanean geunden 47 kide horiek gara astelehenetik aurrera epaituko gaituztenak eta urte askoko espetxe mehatxuari aurre egin beharko diogunak.

Auzi honek dituen eragin eta ondorio politikoez gain, 47 pertsona eta haien bizitzak daude auzitan. Zelan egin zaio aurre horri?

Horrelako epaiketa batek sufrimendu pertsonal eta ekonomiko handia dakar, kontuan hartu gabe Auzitegi Nazionaletik zigorra baino ezin dugula espero. Lana utzi behar, asteroko bidaiak, estresa eta egonezina, ez bakarrik auziperatuentzat, familientzat ere bai: seme-alabak, guraso nagusiak… Esperientzia badugu: 18/98 epaiketan bizitakoa oso gogorra izan zen, ahaztu barik lagun bi utzi genituela bidean—Jokin Gorostidi eta Jose Ramon Aranguren—.

Azkenengo makroepaiketak akordio batez amaitu dira. Aurreikusten duzue horrelakorik?

Ez dugu sinesten Espainiako justizian. Ezin dugu ezer onik atera salbuespen auzitegi batetik. Esperientziak eta memoriak erakutsi digu: frogarik gabeko zigor amaiezinak, espetxeak, urrunketa, sakabanaketa, bakartzea… Jarrai-Haika-Segi, 18/98… azkenengo makroepaiketak akordio batez bukatu dira, baina badakigu guri ez dizkigutela akordio baterako baldintzak erraz jarriko. Presoen elkartasuna eta babesa desagertzea du helburu Espainiako Estatuak, eta, beraz, zigortzen jarraitu nahi dute. Hala ere, guk arduraz jokatu nahi dugu, eta sakrifizio pertsonalerako prestatuta gaude, herri honek bere askatasunerako erabaki duen bideari laguntzen badio. Irtenbidearen alde, konponbidearen alde eta presoak etxeratzeko bidean egin behar dena egiteko prest gaude.

Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, joan Bizkaiko Hitza-ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.