Bihar izango da Herri Urrats Senperen, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa. 27. aldia da aurtengoa, eta Euskara mihian, irria begian du leloa. Itsasun eta Lekornen irekiko dituzten bi ikastolentzako dirua lortzea dute xede.
Krisialdi ekonomikoa eguneroko errealitatean gailentzen ari den garai honetan, Seaska ikastolen elkarteak gogorarazi du euskaltzaleen borondatean oinarritu behar dela ikastolen xedea garatzeko. "Ogitarteko bakoitza kadira bat da, saltzen dugun atorra bakoitza mahaiaren puska bat". Arabatik, Bizkaitik, Nafarroatik eta Gipuzkoatik heltzen den jende kopurua apaldu egin dela diote eta, erronka ekonomikoa kontuan hartuz, funtsezkoa dela euskaltzale ororen presentzia.
Gainera, orain arte Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzak kolokan daude.
Egitaraua
Araba gunea. Goizeko hamarretan abiatuko dira ekitaldiak Kataluniatik etorritako talde batekin. Herri kirolen ondoren, Baiona Kantuz taldeak eta Kataluniako taldeek elkarrekin kantatuko dute euskaraz. Arratsaldean, kantaldi-dantzaldiak izanen dira, L mal Coiffee, Bizardunak eta Xutik taldeen eskutik.
Gipuzkoa gunea. Poliki taldeak irekiko du gunea goizeko hamarretan; ondoren, ASCA, KSI Dantzaz, Ander Lipus, Capoeira Liberdade; eta, bukatzeko, Tipul eta Putil.
Lapurdi gunea. Bertsolariak ariko dira goizeko hamarretan; ondoren, Pil Pil, Mikel Hats, Xabier San Sebastian, Garen, Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Arotze eta Salsa Berde ariko dira.
Nafarroa gunea. Bostgehio, bertsolariak, Sorotan Babies eta Anari izanen da goizean. 14:30ean, mutxikoak izanen dira. Zea Mays taldea izanen da arratsaldean eta Zezenaren Taldeak osatuko du arratsaldekoa.
Haurren txokoa. Ohi bezala, puzgarriak izanen dira haurren txokoan, Goloka Parken eskutik. Eguerdian, bertsolariak ariko dira, eta, arratsaldean, Kiki Koko eta Moko pailazoak.
euskara
Bihar, Herri Urrats
Euskaltzaleen ekarpen ekonomikoa funtsezkoa dela dio Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu