Altsasuko auzia

Bihar urtebete atxilotu zituzten Altsasuko gazteak; hiruk preso jarraitzen dute

Abokatuek Madrilera eramango dute bihar auzia, atxiloketen urteurrenean, "berme falta" salatzeko. 20:00etan argiak itzaltzera deitu dute espetxean dauden hiru gazteen gurasoek.

Espetxeratutako hiru gazteen aldeko mobilizazioa bat Altsasun, uztailean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
2017ko azaroaren 13a
13:59
Entzun

Altsasuko auzian auzipetutako zortzi gazteen egoera "kezkagarria" da, horien abokatuen arabera. Auziak ez du epaiketa egunik, baina bai zigor eskariak: fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta 12 urtekoa beste bati. Gainera, beste bi adingabe daude auzipetuta —haien kasua beste bide batetik joan da—. Hori horrela, eta kontuan hartuta epaileak ez dituela onartu defentsak aurkeztutako froga gehienak, auzipetuen abokatuek "berme falta" salatuko dute bihar eguerdian, Madrilgo liburu denda batean egingo duten agerraldian. Halaber, auziaren "balorazio juridiko bat" egingo dute prentsaurrekoan.

Defentsaren frogak ez onartu izana kritikatu du Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak ere; hori egin izana «ikuspuntu juridikotik defendaezina» dela uste du, eta erantsi horrek «babesgabe» uzten dituela auzipetuak. Hain justu, gaur bete da urtebete Guardia Zibilak zortzi gazte atxilotu zituenetik, iazko urriaren 15 goizaldeko liskarrekin zerikusia zutelakoan. Altsasuko (Nafarroa) taberna batean kaleko jantzitako bi polizia eta beren bikotekideak jotzea terrorismo delitutzat jo zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. epaitegiko epaile Carmen Lamelak, eta hark aginduta atzeman zituzten zortziak.

Urtebete geroago, espetxean jarraitzen dute Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz altsasuarrek. Protesta gisa, gurasoek dei egin dute 20:00etan herri osoan argiak itzaltzera, eta, ordu berean, elkarretaratzea egingo dute Iortia plazan. Ostiralero elkartu ohi dira auzia amai dezatela eta gazteak aska ditzatela eskatzeko.

Herrikideenaz gain, auzipetuek eta beren senideek babes handia jaso dute hilabeteotan. Besteak beste, Europako Legebiltzarreko 52 parlamentarik, Espainiako Kongresuko 74 diputatuk eta Espainiako Estatuko hainbat juristak eskatu dute terrorismo kalifikazioa kentzeko. Halaber, Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak irail amaieran adierazi zuen Bruselak "adi" jarraituko duela auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.