Eusko Legebiltzarrak Memoriaren Eguna izendatu du du datorren asteazkena, eta alderdiok, ez dute antolatutako ekitaldietan parte hartuko, biktima guztiak ez direla kontuan hartu uste dutelako.
Aralarrek egoitza berria ireki zuen atzo Durangon, eta haren inaugurazio ekitaldian egin zituen hitzok Ezenarrok. Gaur egun Euskal Herriak duen premiarik larriena «bakean bizitzeko eskubidea» dela nabarmendu zuen. Pozik azaldu zen bide horretan urratsak egiten ari direlako, eta Gernikako Akordioaren garrantzia azpimarratu zuen. Nolanahi ere, bakea lortzeko indarkeria gainditzea baino gehiago behar dela ohartarazi zuen Ezenarrok. Akordioa politikoak erdiesteaz, joko arauak adosteaz eta proiektu politiko guztiek eskubide berberak izateaz gain, «elkarrekin bizi nahi izatea» ere beharrezkoa dela uste du. «Eta horrek eskatzen du iraganari buruzko azterketa kritikoa egitea guztiok, gaizki egin ditugunak berraztertzeko».
Memorian Egunean irakurri asmo duten testua adosteko EAJk, PSEk eta PPk erabilitako «formak eta prozedurak» kritikatu ditu Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. Gainerako alderdien parte hartzerik gabe aritu direla salatu zuen, atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. «Dokumentu itxia aurkeztu digute, aldaketetarako aukerarik gabe». Baina, biktimen inguruko gaietan akordio zabalak bilatu behar dira, EAren irudikoz.
Gainera, irakurriko den testuan biktima guztiak ez direla kontuan hartzen uste du, eta EAk biktima guztiekiko konpromisoa duela gaineratu du.
Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak jakinarazi du bere alderdiak bat egingo duela Memoriaren Egunarekin, nahiz eta aitortzen duen, irakurriko den testuan ez direla biktima guztiak kontuan hartzen.