Ez da denbora asko Egiari Zor Fundazioa publikoki aurkeztu zela. Baina ordutik biktima mota guztien aitortzan aurrerapausoak eman direla-eta, gustura dago taldea. «Gero eta gizarte sektore gehiago ari da defendatzen egiaren beharra, biktima guztien eskubideak eta eszenatoki berri bat eraikitzeko premia. Hori oso pozgarria da», adierazi dute taldearen izenean Karmelo Arregik eta Elena Bartolomek. Tiroketa baten ondoren Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta hil zuen Susana Arregiren neba da Karmelo. 1989an GALek Madrilen tiroz hil zuen Josu Muguruzaren neska-laguna Bartolome. Alboan izan dituzte espetxean bihotzekoak jota hildako Roberto Sainzen aita Jose Luis, eta sasian zela gaitz batek harrapatuta etxean zendu zen Iñaki Fernandezen arreba Bego.
Berriki, hainbat instituziok eta «gatazkaren ondorio diren» pertsonek «konponbidearen norabidean logika duten mugimenduak» egin dituztela ikusi du Fundazioak; «inork gutxik espero zitzakeen urrats eta enplazamenduak». Mota guztietako biktimek sortutako Glencree taldea dute horren adibide. «Zintzoki uste dugu bakerako bidea sendotu eta elkarbizitza areagotzeko urrats egoki askoa dela», adierazi dute. Biktima guztiek «eskubide berberak» merezi dituztela aldarrikatu izanaren garrantzia aipatu dute: «Egia, justizia, memoria, aitortza eta kaltearen ordaina, indarkeria jasan duten guztientzat».
Glencree-k indarkeria eragin dutenei sortutako mina onartzeko egindako deia bere egin dute, «estatuak ere interpelatu» dituztela ohartarazita: «Frantziak eta Espainiak ezingo dute aurrerantzean ezikusiarena egin, beraiek ere eskubideen urratzaileak izan direla uste duten biktimak ugari eta askotarikoak baitira».
Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak hartutako azken erabakiek ere «garai berri bat» erakusten dutela uste dute. Legebiltzarrak Memoriaren Institutua sortzea erabaki izana ona dela diote, «gertatutakoa berriro errepika ez dadin» memoria izatea ezinbestekotzat baitute, eta «oso garrantzitsutzat» memoria eraikitzen «une honetan bertan» hastea. Gabeziak ere ikusi dizkio, hala ere, institutuari, eta, hurrengo ikasturtean akats horiek zuzenduko dituen esperantza azaldu du: «Sentsibilitate guztien neurriko ildoa» ezarri eta «memoria guztiak aintzat hartuko» dituen institutua izango den esperantza.
1.960 eta 1.978 bitartean estatuak eragindako biktimei aitortza eta ordaina emateko Jaurlaritzak onartu duen dekretuari okerrago begiratzen dio. Orain arte «ez egiarik ez justiziarik ez erreparaziorik jaso ez duten biktimen dekretua hobetzeko» egin diren ekarpenak ez direla aintzat hartu salatu du. «Espainiako Gobernutik jasotako presioei» men egitearen ondorioz biktimek egia eta justiziarako duten eskubidea ez duela jaso, eta erreparaziorako eskubidea ordain ekonomiko soilera mugatu dela.
Frankismoko biktimak «estatu terrorismoaren biktima» izendatu ordez «polizia bidegabekerien biktimatzat» jo izana ere gaitzetsi du, eta poliziekin izandako liskarretan hildakoak zein ETAkoak izandakoak edozein errekonozimendutik kanpo utzi nahi dituela. Jaurlaritzari «lubakien eskeman jarraitzea» egotzi dio hargatik; «eskubideen urraketa eta bortizkeria bidegabeki pairatu duten pertsonen aitortza eta oraina funtsezkoak direla ahaztea».
«Estatu terrorismoaren biktimak oraindik bigarren mailakoak» direla ere salatu du. Horren adibidetzat du iragarritako kalte ordainak ETAren biktimentzat onartutakoak baino askoz txikiagoak direla. «Bereizketa funsgabea eta doilorra» iruditu zaie hori.
Areago doa «diskriminazioa». Torturak jasan dituztenei biktima gisa aitortuak izan daitezen eskatzen zaizkien frogak, esaterako, lortu ezinak dira kasu gehien-gehienetan.
Guzti horrez gain, 1.960 eta 1..978 urte arteko estatuen biktimei «deialdi argia» egin die aitortza eta ordaina jasotzeko aukera baliatzeko. «Jaurlaritzak jarri dituen oztopoen gainetik, estatu biolentziak eragindako ondorio guztiak onartu eta egia osoa sustatu dezala exijitu behar diogu», azaldu du deia. «Estatu hilketen arduradun guztiak» identifikatu beharra ere nabarmendu du.
Gauzak horrela, dekretua «lehen urrats gisa» duen arren gabezia eta bereizketa handiegiak dituela salatu, eta horiek gainditzearen alde egingo duela jakinarazi du taldeak: «Gure esku dagoena jarriko dugu kasu bakar bat ere aztertu gabe gera ez dadin». Bide horretan laguntzeko prestasuna azaldu du, eta atzo estatuen indarkeriak hildako pertsonen kopuruak plazaratu zituen bezala, udazkenean gertaera horien inguruko txosten osatua plazaratuko duela iragarri du. Torturen gaia «dimentsio osoan ikustarazteko» ere ahalegin berezia egingo duela azaldu du.
Biktima guztiak onartu beharraz ohartarazi du Egiari Zorrek
Frankismoan estatu indarkeriak eragindako biktimentzako dekretua baliatzeko eskatu du, gabeziaz betea dagoela uste duen arrenFundazioa pozik azaldu da biktima guztiak onartzeko egiten ari diren urratsekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu