Biktimak

Pastor
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Maitasuna, errespetua, leialtasuna ... Horixe agindu dio Chen Wei-yik bere ezkontideari, Taipein egindako ezteietan. Neskak hogeita hamar bat lagun bildu ditu festan. Gonbidatuek poz-pozik ikusi dute bikotea: batetik, Chen Wei-yi zoriontsua, bestetik Chen Wei-yi irribarretsua. Biak bat eta bakarra, Chen Wei-yi bere buruarekin ezkondu baita.

Taiwango hiriburuan oroitzapenetara jo du Chen Wei-yik bere buruarekin ezkontzeko erabakia azaltzeko. Mutil-lagunak izan ditu, baina ez da zoriontsua izan. Azkenean, bakarrik segitzea deliberatu du. Bere ustez, inor maitatu aurretik nork bere burua maitatzen ikasi behar du. Bestalde, errebolta moduko ekintza ere izan da ezkontza berezi hori. Txinako gizarteak emakumezkoei ezkontzeko egiten dien presioa salatu nahi izan du neskak. Emakumea sistema patriarkalaren biktima dela.

Gurean ere oroitzapenetara jo dute Memoriaren Eguna bultzatu duten alderdi eta erakundeek. Memoria bitxia. Batetik, biktima batzuk ez dituzte kontuan hartu. Bestetik, tabula rasa egin dute biktimekin, eta kontraesanean agertu dira, besteei kritikatzen dieten jokaera bere egin dutelako: borreroak eta biktimak berdindu dituzte, maila berean jarriz. Hilketa 1968an izan edo 2006an, berdin die horrek. Borreroak martirien aldareetara igo dituzte. PSE-EEko kide eta boto-emaile zaharren artean badago Carreroren aurkako atentatua pozik hartu zuenik. Are gehiago dira ekintza hura justifikatzen dutenak. Zer egin haiekin? Terrorismoaren apologia leporatuko die Aresek bere boto-emaileei?

Joan den hilean PPk eta PSE-EEk Javier Ibarra eta Augusto Unzeta omentzeko plaka jartzeko proposamena bultzatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina beste taldeek kontra bozkatu zuten. Ibarra: faxista, kolpista, falangista, Bizkaiko Diputazioko burua, diktadura garaiko Gorteetan prokuradorea, Bilboko alkatea eta Neguriko oligarkiako burua. Unzeta: Gernikako alkate frankista eta Bizkaiko Diputazioko burua, ikurrina legeztatzearen kontrakoa. Biak diktadurako buruzagi politikoak, omendu beharrekoak, antza. ETAk hil zituelako.

Jesus Egiguren parafraseatzen: politikoki zuzena dena ala egia esan behar da biktimen inguruan? Politikoki zuzena: biktima guztiak berdinak dira. Egia: biktimak eta biktimak daude. Ibarraren, Unzetaren eta Barajasko atentatuan hildakoen patuek sentimendu desberdinak sorrarazten dituzte herritar askoren artean. Bizitzako beste hainbat arlotan ere antzera gertatzen da: paperik gabeko behargina lan istripuan hiltzen bada, eskubiderik gabe egunero 10-12 orduan jardun eta gero, era batera hartzen dugu heriotza. Legezkotasuna eta gizatasuna hautsiz milaka langile zapaltzen dituen multinazionaleko presidentea bihotzekoak jota hiltzen bada Tailandiako luxuzko putetxe batean, beste modu batera sentitzen dugu heriotza. Ez da gauza bera. Orain, Mikel Laboaren kantak jartzen dizkigute Meliton Manzanas torturatzailea omentzeko. Joseba Sarrionandiaren hitzak dituen kanta sartzea besterik ez zaie falta.

Chen Wei-yik ez du esperantza galdu etorkizunean mutil batekin esposatzeko. Horixe adierazi du bere buruarekin ezkondu eta gero. Taipeiko zeremonian amak jarri zion eraztuna atzamarrean. Agian, mutil batek emango dio geroan, bikotekide egokia bilatzen baldin badu. Zalantza pare bat: ezkondu aurretik, dibortziatzeko eskatuko ote dio senargaiak? Prest egongo da Wen Chi-yi horretarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.