Politika

Biktimen inguruan proposatutako 32 ebazpenetatik 20tan ados jarri dira hirukoa, PSE eta PP

Biltzar monografikoa egin dute Eusko Legebiltzarrean, "terrorismoaren biktimen" inguruan. Biktimen inguruan agindutakoa datorren maiatza baino lehen betetzeko konpromisoa hartu dute. Eskuin muturraren eta GALen biktimak aintzat hartzeko ebazpenaren aurka bozkaktu du PSEk, eta, aldiz, PP abstenitu egin da.

2007ko urriaren 5a
19:02
Entzun
“Terrorismoaren biktimei” buruzko biltzar monografikoan hasieran uste zena baino adostasun zabalagoa lortu dute Eusko Legebiltzarreko talde politikoek. Aurkeztu diren 32 ebazpenetatik 20tan ados jarri dira Jaurlaritzako hirukoa, PSE eta PP.

Besteren artean, duela lau urte adostu eta oraindik bete ez dituzten akordioak hurrengo maiatza baino lehen gauzatzeko konpromezua hartu dute. Bestetik, hilabete horretan bertan, 2008ko maiatzean, biktimei buruzko bigarren biltzar monografikoa egingo dute.

Eskuin muturreko taldeen eta GALen biktimei buruzko "txosten zorrotza" lantzeko ere eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari, hirukoaren eta Aralarren aldeko botoarekin, eta PPren abstentzioari esker. PSE-EEk aurka bozkatu du.

Goizeko saioan, bi gertakarik hartu dute protagonismoa alderdien hitzaldietan. Jaurlaritzako lehendakariak herri galdeketaren data jarri izanak eta Baltasar Garzon epaileak Batasuneko kideak atxilotzeko agindu izanak hain zuzen.



Iñigo Urkulluk (EAJ) barkamena eskatu die biktimei, "hainbeste urteko distantziagatik eta ahaztuta eduki izanagatik". Hala ere, azken urteotan euskal erakundeek biktimei babes gehiago eskaintzen dietela uste du.

Rodolfo Aresek (PSE-EE) biltzarra oso egoera politiko "berezian" egin dela nabarmendu du. Gainera, herri galdeketak Jaurlaritzaren eta biktimen arteko urruntzea areagotuko duela uste du. Santiago Abascalek (PP) ere biltzarraren testuingurua kritikatu du: "Joan den ostiralean lehendakariak biktimak euren borreroekin nahastu zituen hementxe bertan. Gaur, berriz, biltzar monografikora etorri da ezer gertatu ez balitz bezala".

Rafa Larreinak (EA) "biktimen pluraltasuna" aitortzeko eskatu du, eta haien izena ez dela erabili behar nabarmendu. Oscar Matuterentzat (EB) biltzarraren helburua biktima gehiago egon ez dadin tresna politikoak bideratzea da. Aintzane Ezenarrok (Aralar) biktima guztiak aitortzeko eskatu du: "Eztabaida honek zerbaitetarako balio izatekotan, guztiok malgutu beharko ditugu gure hasierako jarrerak, bestela, beste hainbatetan bezala, antzu geratuko da".

Legebiltzarrak 2003ko ekainaren 25ean erabaki zuen biktimei buruzko biltzar monografikoa egitea, baina gaur arte atzeratu da. .

ETAren biktimen zenbait elkarte ere kritiko agertu dira gaurko saioarekin. Besteak beste, AVT elkartea ez da saioan, Ezker Abertzalea taldeak parte hartzeko aukeraduelako.

Kanpoan, berriz, elkarretaratzea egin du frankismoaren biktimen koordinakunde Lau Haizetara Gogoan: Egia eta Justizia! Elkarteak, Legebiltzarraren ekimenak baztertu egin dituela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.