Bilbao World Cafe topaketan 1.000 lagun inguru biltzea espero dute

Erredakzioa
2008ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Iaz Alemaniako Dresde hirian World Cafe topaketak estreinatu ostean, bigarren aldia Bilbon izango da, aurten, eta, hain zuzen, Bilbo hiriak berak azken urteetan izan duen eraldatze prozesua izango du aztergai. Topaketa horiek datorren astean egingo dira, ekainaren 5etik 7ra bitartean, eta antolatzaileetako batek, Innobasque fundazioak, espero du egun horietan 1.000 lagun inguruk parte hartzea. Hain zuzen ere, ekimenaren berri eman zuten atzo Pedro Luis Uriarte Innobasqueko lehenda-kariak eta Jeffrey BeesonWorldCafe Europar Sarearen ordezkariak.

Ekainaren 5ean, ostegunez, hasiko da aurtengo topaketa. Horretarako hirian barrena hainbat toki-kafe banatuko dira, eta topaketetan parte hartuko duten hainbat enpresak eta erakundek gaiak proposatuko dizkiete toki bakoitzean biltzen eta parte hartzen duten herritarrei.

Hala, Mondragon Unibertsitateak, kasu, erakundeetan eta hirietan ikastea gaia proposatuko du; Bizkaiko Aldundiak, gure erakundeetako jendearekin eta jendearentzat berritu; Gurutzetako ospitaleak, baliabideak kudeatzea; EITBk, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa;Tecnaliak, Talde ekintzaileak eta iraunkortasuna; Langraizko espetxeak, espetxearen ingurunean giroa hobetzea... World Rythmic Cafe delakoak, berriz, mugimendua, musika eta elkarrizketa uztartzen dituen jarduera bultzatuko du.

Ekainaren 6an eta 7an, berriz, berriztatzea izango da gai nagusia, eta, horretarako, Bilbo hiriak azken urteetan izandako bilakaera hartuko da ardatz.



METODOLOGIA PARTE-HARTZAILEA. Izena ingelesezkoa izan arren, funtsean, mahai baten inguruan jendea biltzea eta gai bati buruz hitz egitea da World Cafe. Helburua elkarrizketa sare bizi bat sortzea da, herritarrei axola zaizkien gaien inguruan. Prozesu horretan zehar, lankidetzazko elkarrizketa eragiten da, besteekin ezagutza parteka daiteke eta taldean jarduteko aukerak sortzen dira.

«World Cafe metafora bat da», azaldu dute antolatzaileek: «Gida gisa balio duen irudia da, hainbat aukeraren jokalekua, eta tresna eta metodo berritzaileen multzo bat, adimen kolektiboa eta etorkizun sortzaileak garatzeko balio duen multzoa. Gure erakundeen ametsak blokeatzen dituzten errutina edo ohikeriak eta sinesmenak gainditzea da kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.