Indarkeria matxista

Bilbo Feminista Saretzen taldeak matxismoaren errora jotzeko galdegin du

Elkarteak salatu duenez, indarkeria matxistaren izaera desitxuratzen du arreta erasotzaileen jatorrian jartzeak edo emakumeen jokabideari erreparatzeak.

Bilboko talde bortxaketaren kontrako elkarretaratzea, joan den ostiralea, Bilboko Arriaga Plazan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko abuztuaren 5a
07:15
Entzun

Bilboko talde bortxaketaren harira, "instituzioek zein komunikabideek emandako erantzunaren aurrean", hainbat ohar egin ditu Bilbo Feminista Saretzen elkarteak. Talde feministak salatu du hainbat erakundek eta hedabidek zabaldu dituzten mezuetan arreta desbideratu dela indarkeria matxistaren errotik. Gaitzetsi egin du matxismoari eta misoginiari sustraitik aurre egin beharrean arreta handiegia jarri zaiola erasotzaileen jatorriari eta emakumeen portaerari.

Lehenik eta behin, taldeak gogorarazi du feminismoa mugimendu "antirrazista" dela. "Emakumeoi eraso egiten digutenak, emakumeok bortxatu era erailtzen gaituztenak gizonak dira; euren jatorria, adina, maila soziala edo biktimarekin duten harremana edozein delarik ere, emakume izate hutsagatik". Taldearen iritziz, etengabe erasotzailearen jatorria nabarmentzeak "benetan garrantzitsua denetik desbideratzea beste asmorik ez du: egiturazkoa eta sistemikoa den indarkeriaren aurrean gaudela".

Bestalde, emakumeen portaera erasoekin lotzea ere arbuiatu du: "nondik ateratzen garen, ze ordutan egiten dugun, norekin harremanetan jartzen garen, eta abar". Horren ordez, arreta erasotzaileei zuzentzeko exijitu du. "Esaiezue haiei ez gaitzatela eraso, ez gaitzatela bortxat, ez gaitzatela erail".

Ildo horretan, kritikatu egin dute Ertzaintzak udako jaietara abiatu duen informazio kanpaina, "zama emakumeengan jarri" eta emakumeen "eskubideak murrizten" dituelako. "Indarkeria matxista ikuspegi misogino horretatik lantzen den bitartean, emakumeak bihurtzen gaituzte erantzule, eta, beraz, erasotzaileak justifikatu eta babesten dira".

Horrez gain, biktimentzako babes handiagoa ere eskatu diete erakundeei. "Nazkatuta gaude euren biktimentzako zein gainerako emakumeentzako mehatxu bat suposatzen duten eta libre dauden bortxatzaile eta erasotzaileez". Argitu dute ez dutela zigorrak "modu neurrigabean" gogortzea nahi, ezta errugabetasun printzipioa urratzerik ere. Aldiz, "gauzei euren izenaz deitzea —ez da abusua, bortxaketa da!— eta biktimen sinesgarritasuna auzitan ez jartzea" galdegin dute. "Justizia eta kalean aske ibili ahal izatea da eskatzen duguna!". Biktimaren datu pertsonak zabaltzen dituztenen kontrako neurri politiko eta judizialak ezinbestekoak direla ohartarazi dute.

Azkenik, erantzukizun politikoa eskatu diete erakundeei, prebentzio neurriak garatzeko. Azaldu dutenez, "neurri polizial eta zigortzaileek ez dute ezertarako balio" ez badira laguntzen prebentzio-neurri hezitzaileekin. Neurri horiek erasotzaileengana eta "emakumeak jabetza objektu gisa" ulertzen dituen maskulinitate eredura bideratu behar direla nabarmendu dute.

Bilbo Feminista Saretzen taldearen esanetan, "jendartean errotutako matxismoa eta misoginia sustraitik borrokatu" behar dira. "Erasotzaileak patriarkatuaren seme osasuntsuak besterik ez zarete eta", adierazi dute. Taldeak ziurtatu du "errealitate sozial jasanezin" horren "errora" jotzen duten neurriak eskatzen jarraituko duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.