Bilbobuseko langileak egun osoko greba egiten ari dira

Bizkaiko garraio publikoko langileek lanuzteak egingo dituzte egunotan. Gaur Bilbobusek 24 orduko lehen greba eguna egin du, eta bihar Bizkaibusek eta Euskotrenek egingo dute.

Bilbobuseko langile komitearen manifestazio bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. UGT
Bilbobuseko langile komitearen manifestazio bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. UGT
Irati Egibar Izeta - Gotzon Hermosilla
2024ko martxoaren 18a
16:05
Entzun

Bilbobuseko langileek 24 orduko beste lanuzte bat egin dute gaur, hitzarmena berritzeko protesta dinamikaren barruan. Ez da lehenengoa, urtarrilean eta otsailean ere grebak eta mobilizazioak egin baitzituzten udal autobus zerbitzuko beharginek. Azkena ere ez da izango: martxoaren 20rako, 25erako eta 27rako ere grebara deitu du enpresa batzordeak. Era berean, Bilbobuseko langileek greba mugagabea egitea onartu zuten joan den asteazkenean; apirilaren 9tik aurrera egingo dute.

UGT, ELA, CCOO, USO, LAB eta ESK sindikatuek antolatu dute gaurko lanuztea, eta «balorazio positiboa» egin dute. Maribel Picado ELAko Bilbobuseko ordezkariak azaldu duenez, gutxieneko zerbitzua kenduta —langileen %30—, langile guztiek egin dute greba. 07:30ean hasi eta lau orduko ibilbidea egin dute Bilbotik: «Hurrengo lanuzteetan ere parte hartze berbera espero dugu».

Picadok salatu du aurreko lan hitzarmenaren epealdia 2021ean amaitu zela eta geroztik hitzarmenik gabe daudela. Horren ondorioz, soldatak «izozturik» izan dituzte azken hiru urteotan, eta ez dute soldaten taula berritzerik izan. Egoerari irtenbidea emateko, enpresarekin eta udalarekin hitz egiten saiatu dira sindikatuak. Picadok azaldu duenez, ez da negoziaziorik izan: «Udalarekin eta enpresekin hitz egiten saiatu gara, baina ez dugu negoziatzerik lortu. Enpresak beste aldera begiratzen du; udalak, berriz, esan du ezin daitekeela ezer egin. Horregatik, datozen egunetan ere lanuzteak egingo ditugu».

Haren ustez, Bilboko Udalak «askoz gehiago» egin dezake, eta «akats handiak» egiten ari dela gaineratu du. Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak martxoaren 5ean iragarri zuen Bilboko Udala euskarri juridikoa duen irtenbide bat bilatzen ari zela oraindik: «Aldaketa bat, kontratuaren suntsiarazpena edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein forma juridiko».

Greba mugagabearen deialdia iragarri zutenetik, enpresaren eta udalaren partetik ez da mugimendurik izan, Picadok erantsi duenez: «Den-denak berdin jarraitzen du; haien erantzunen zain geratzen gara».

Langileen egoera ekonomikoaz gain, garraio publikoan langileek pairatzen dituzten eraso fisikoak eta ahozkoak ugaritu egin direla salatu du Picadok. Hala ere, ez dute biharko Bizkaibus eta Euskotren enpresetako langileen manifestazioan parte hartuko. «Oraingoz, lan hitzarmena berritzeko borrokan jarraituko dugu».

Bizkaibus, grebara

Hain zuzen ere, garraio publikoetako gidarien aurkako erasoak salatzeko, sindikatuek grebara deitu dituzte bihar Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileak. ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dute biharko grebara. Sindikatuek lehenik Bizkaibuseko langileei egin zieten grebarako deia, 1.300 behargini. Segituan egin zuen bat Euskotreneko lantaldeak. Hori dela eta, 2.500 langile baino gehiago daude biharko greba egunera deituta.

Sindikatuek kezka adierazi dute, «langileek beren lanpostuetara segurtasunez joatea zailtzen dietelako». Azaldu dutenez, ez dago egoera horiek gutxitzeko giza baliabiderik, baliabide teknologikorik, ezta neurririk ere. Ildo horretan, «errespetua» eskatu dute lanera joan ahal izateko eta urtero garraiatzen dituzten milioika erabiltzaileei arreta emateko. Era berean, «erabiltzaile guztien babesa eta errespetua» galdegin dute.

Martxoaren 18an Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak emandako aginduari jarraituz, Bizkaibusen eta Euskotrenen gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu: autobus, trenbide, metro, tranbia, errepide eta funikularreko lineetako garraiobideetan %30eko gutxieneko zerbitzua izango da.

Biharko greba egunean mobilizazioak egingo dituzte Bilbon eta Donostian. Bizkaiko hiriburuan manifestazioa egingo dute 08:00etan, EITBren Bilboko egoitzatik abiatuta. Donostian, berriz, elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Easo plazan.

Enkarterriko PSE-EEk, bestalde, Bizkaibusen zerbitzua hobetzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Zerbitzuen maiztasuna handitzeko eskatu dute, eta ordutegiak eta datak lehenestea jende asko biltzen duten ekitaldiak egiten dituztenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.