Gotortuta jarraitzen du Bilbobuseko gatazkak. Ostegun iluntzean ez zen akordiorik egon autobusak kudeatzen dituen Veolia enpresako zuzendaritzaren eta langile grebalarien artean, eta atzo ere antzua izan zen eguna. «Ez dugu gehiago bilerarik egiteko hitzordurik», adierazi zion ilunabarrean BERRIAri Pedro Angulo langile batzordeko presidenteak. Asteartean hasitako protestari eutsiz, greba egin zuten atzo berriro ere langileek, eta manifestazioa. Grebarako deialdia mugagabea denez, aldaketarik ezean, halaxe jarraituko dute datozen egunetan ere. Bilbobuseko autobusen %30 besterik ez dira ibiltzen Bilbon, gutxieneko zerbitzuek ezarritakoak.
Elkarrizketetan aurrera egiteko traba handiena beharginek lan egindako gehiegizko orduak dira, langileen arabera. Lan itunak ezartzen duena baino lanordu gehiago egiten dituzte langile gehienek, eta badira ehunka ordu pilatuta dauzkatenak. «74.000 orduz ari gara denera», gogorarazi nahi izan du Angulok.«Eta langileek beraiena dena disfrutatu nahi dute. Ordu horiek ez dira udalarenak, ezta Veoliarenak ere; langileenak dira». 2008tik pilatzen joan dira lanorduak.
Egindako ordu horien guztien trukean beharginek hamabost eguneko ordaina izatea proposatu du langile batzordeak. «75 ordu inguru dira». Enpresako zuzendaritzak, ordea, ez duela amore eman nahi diote. «Hori da puntu gogorrena». Autobusen mantenu txarrak ere arduratuta dauzka beharginak, eta hainbat eskakizun egin dituzte ildo horretan.
Veolia enpresak auziaren oso bestelako ikuspuntua eman du, nolanahi ere. Langileak negoziazio mahaira gero eta eskakizun gehiagorekin joaten direla azaldu du, eta akordioa lortutako hainbat puntutan ere, atzera egiten ari direla. «Langile batzordeak ez du akordiorako borondaterik, eta greba luzatu baino ez du egin nahi, enpresa eta udaletxea presionatzeko».
Beharginei «neurriz kanpoko soldata igoerak» eskatzea egotzi die Veoliak. Eta salaketa gogorragoak ere egin ditu; izan ere, autobusei eraso egitea leporatzen die piketeei, «modu bortitzean», gainera. Atzo hamar autobusen kontrako erasoak egin zituztela salatu zuen enpresak, eta horietako bitan, gainera, bidaiariak zihoazela.
Langile batzordeak guztiz ukatu du eraso horietan inolako zerikusirik duela. «Enpresak denbora gehiago galtzen du marketinean beste ezertan baino», kritikatu du Angulok. «Ez dago autobusak apurtzen dituen beharginik».
Bilboko Udalaren jarrera irmo kritikatu dute beharginek. «Udalak gaiari heltzen badio, konpondu egin daiteke. Jakina, dirua ordaindu beharko dute; hori aldez aurretik jakin behar zuten, ez dugu debalde lan egiten», ohartarazi du Angulok.
Bilbobuseko langileen eta enpresaren arteko harremana etenda dago
Veoliak akordioa oztopatzea egotzi die beharginei, eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu