Agindutakoa baino ia hiru urte geroago zabaldu dute gaur, 19:00etan, Bilboko Alondegiko kultur, kirol eta aisialdi zentroa, eta ez dena batera. Gaur erakustaretoa eta auditoriuma ireki dituzte; maiatzaren 27an Yandiola jatetxea, hurrengo egunean, zinema aretoak, eta ekainaren 1ean izango dira martxan kirol azpiegiturak (igerilekua eta gimnasioa). Mediateka, berriz, udazkenean zabalduko dute. Horrenbestez, urtearen akaberan egongo dira Alondegiko gune guztiak martxan eta erabilgarri. Ordutegi zabala izango du: astegunetan, 07:00etatik 23:00etara; eta asteburuetan, 08:30etik 23:00etara.
Proiektu konplexu, zail eta garestia izan da Alondegikoa, mende bateko aldea duten eraikin bi uztartzen baititu, Ricardo Bastidak 1906 eta 1909. urteen artean eginiko ardo biltegia eta Philippe Starck diseinatzaile frantziarrak XXI. mendearen hasieran diseinaturiko kultur eta kirol zentroa. Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak Alondegitik kanpo geratzea erabaki zuenez gero, Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen gobernu taldea estu eta larri ibili da urteotan proiektua finantzatzeko. 75 milioi euroko kostua izan dute lanek.
Proiektu zaila izan arren, beharrezkoa zen Azkunarentzat: "Bilbo hiri osoa izatea nahi genuen, eta ez finantza hiria soilik, eta Alondegia behar zen horretarako, kultur, kirol eta aisialdirako horrelako zentro bat".
Philippe Starcken proiektua
Bi eraikin diseinatu ditu Philippe Starckek. Batek lau solairu dauzka; horietako bi zorupean daude. Eta besteak, mediateka izango denak, hiru. Liburutegia ez ezik, ikasteko gelak eta filmak ikusteko aretoak ere izango ditu mediatekak.
Beste eraikinean, erakustaretoa, auditoriuma, zinema aretoak eta kirol azpiegiturak egongo dira. Erakustaretoak 1.200 metro koadro dauzka, eta Proyecto Tierra eta Tierra Natal erakundeen erakusketa batekin inauguratuko dute gaur. Komiki eta bideo jokoen beste bi erakusketa izango dira horren ondotik; eta udazkenean, Akira Kurosawari buruzko erakusketa bat irekiko dute, Zinebirekin lankidetzan.
Zinema aretoak Golem kateak ustiatuko ditu, eta entzumen murritza dutenentzat egokituta daude. Zazpi sala dira, guztira. Eta horietako batek 240 lagunentzako tokia du. Auditoriumak, bestalde, 400 pertsona esertzeko lekua du.
Eraikin horretan gora, gimnasioa dago lehenengo solairuan, eta igerilekua, bigarren eta azkenengoan. Bilboko Udalak kudeatuko ditu kirol azpiegitura horiek. Hortaz, hiriko gainerako kiroldegietan erabiltzen den txartelarekin erabili ahal izango dira. Hots, igerilekua doakoa izango da txartela dutenentzat; gimnasioa erabiltzearren, baina, 25 euro ordaindu beharko dira hilean. Denera, hiru igerileku daude, eta 75, 90 eta 120 zentimetroko sakonera dute. Eta horien ondoan estalkirik gabeko egurrezko terraza zabal bat dago, «solarium naturala». Tai txi saioak antolatuko dituzte han.
Starcken diseinuaren toki aipagarrienetako bat Alondegiko sarrera bera da. Bistako adreiluz eginikoa da, eta estalitako Bilboko lehen plaza publikoa izango da. Lorenzo Varaldi eszenografo italiarrak diseinaturiko 43 zutabek eusten diote sabaiari. Desberdinak dira denak, eta bakoitzak arkitekturaren historian izandako estilo bat iradokitzen du.
kultura
Bilboko Alondegia inauguratu dute
Agindu zutena baino hiru urte beranduago ireki ditu ateak Bilboko Alondegiak. Proiektu garesti eta zaila izan da, Bizkaiko Foru Aldundia egitasmotik kanpo geratu zenez geroztik Iñaki Azkuna alkatearen gobernuak egin behar izan baitio aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu