«Ustezko edozein abusu kasu ikertu eta argituko dugu, arreta berezia jarrita biktimen beharrei, eta halako kasuak berriz ez gertatzeko». Hala adierazi du gaur Bilboko Elizbarrutiak, adingabeei egindako bost sexu abusu kasu ikertuko dituela jakinarazteko plazaratu duen oharrean.
Espainiako El País egunkariak 251 salaketa bidali zizkien Vatikanoari eta Espainiako Eliza katolikoari, eta haietatik bost Bizkaian gertatutakoak dira; haiek ikertuko ditu Bilboko Elizbarrutiak.
Abusu horiek 1950eko hamarkadatik 1990ekora egindakoak dira, Bizkaiko bost erlijio zentrotan. Zehazki, Barakaldoko San Bizente Paulekoa ikastetxean, 1950eko hamarkadan; Bediako San Joan Bataiatzailearen elizan, 1964 eta 1966 artean; Bilboko Santa Marina haurrentzako erietxean, 1971n; Bilboko Kristo Erregeraen parrokian, 1976an; eta Bilboko Maristak ikastetxean, 1990.
Bilboko Elizbarrutiak El País-en lanaren balioa aitortu du, eta gertakariok salatu dituzten biktimak ere goraipatu ditu. Ikerketa bat zabalduko dute orain, eta «eraso horien inguruan informazioren bat eman dezakeen edonori» zabaldu dizkiote elizbarrutiko ateak.