Bilboko Merkataritzako 2. epaitegiak baliogabe jo du Banco Guipuzcoanok 2004an eskainitako kreditu batean ezarritako gutxieneko klausula —zoru klausula—, eta horregatik, tasa hori zegoenean kobratutakoak itzuli beharko dizkio bezeroari.
Gaur izan da ebazpenaren berri, martxoaren 7ko data baldin badu ere. Salaketa, berriz, 2004ko uztailaren 9an jarri zuen bezeroak. 480.000 euroren kreditua kontratatu zuen, 25 urtetan itzultzeko; interesa Euriborra gehi %0,50. Gutxieneko erreferentzia tasa %3koa zen eta gehienezkoa %15ekoa.
2008ko apirilaren 30ean luzatu egin zuten kontratua, 90.000 eurotan. Horrela, guztira 570.000 euro ziren; itzultzeko epea ere luzatu zioten, zortzi urtetan —guztia itzultzeko 33 urte—. Interesa mantendu egin zuten.
Ebazpenak baliogabe jo du, hain justu, gutxieneko klausula, %3koa, "funtzionamenduan sartu delako kontratuaren indarraldian, eta Euriborrak azken 12 urteetan %6 gainditu gabe".
Epaileak erabaki du bezeroa "finantza merkatuetatik kanpo" dagoen pertsona bat dela, eta horregatik "konfiantzazko" erakunde batera joan zela kreditua eskatzera. Bankuak klausula hori "inposatu" egin ziola ebatzi du, eta ez ziola bestelako aukerarik eskaini. "Fede onez" aritu ez dela erabaki du epaileak.