Bilboko gotzaina hautatzeko prozesuko parte-hartzerik eza salatu dute

Izendapenak «interes ebanjelikoei» erantzun diezaion eskatu diote ia 700 lagunek aita santuaren ordezkariari

Erredakzioa
Bilbo
2010eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Bilboko gotzaina hautatzeko prozesuan haien iritzia kontuan hartua izan dadin eskatu du 677 laikok, erlijiosok eta apaizek osatutako talde batek. Izan ere, aita santuak Espainian duen ordezkari Renzo Fratiniri igorritako gutunean kezka agertu dute prozesu horretan Bilboko Eliza izaten ari den parte-hartzerik «eza» dela eta; tokiko eliztarrek gotzaina aukeratzeko duten eskubidea aldarrikatu dute.

Apirilaren 10ean utzi zuen Ricardo Blazquezek Bilboko Gotzaindegia, eta ordutik haren laguntzaile Mario Izetaren ardurapean dago, baina oraindik ez dute Blazquezen ordezkorik izendatu. Gutunaren sinatzaileek gogora ekarri dutenez, «aita santuak libreki izendatzen ditu gotzainak, edo zilegitasunez hautatuak izan direnak berresten ditu». Hartara, Eliza Zuzenbideak tokiko elizen parte-hartzea «baliagarritzat» jotzen duela azaldu dute.

Horren haritik, nabarmendu dute «Europako eliza askotan» izendapenak tokiko eliztarren parte-hartzea kontuan hartuta egiten direla: «Zuzeneko izendapena lehenengo milurtekoko jarduna da, eta egun erabat gainditutako abagunean egiten zen».

Fratiniri eskaera

Aita santuaren Espainiako nuntzioak zenbait hautagai proposa ditzakeela eta, prozesuan Bilboko eliztarrak «solaskidetzat» hartzeko eskatu diote gutunaren bidez Renzo Fratiniri, haiek daudelako «ebanjelizazio lanetan barneratuta eta konprometituta». Bilboko Elizak azaldu du «parte hartzeko eskubide» hori baliatzen saiatu direla baina aurreko ordezkariek ez dutela haien iritzia kontuan hartu. «Ez dugu sekreturik nahi, ezta soilik ebanjelikoak ez diren interesetan oinarritutako jokorik ere», adierazi dute eskutitza sinatu duten ia 700 lagunek.

Donostiako gotzaina hautatzeko prozesua ere gatazkatsua izan zen iaz. Jose Ignazio Munillaren izendapenari «egia eta gardentasuna» falta izan zitzaiola salatu zuten hainbat eliztarrek, eta ondoren, hamar parrokotik zortzi haren kargu hartzearen aurka agertu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.