Bilboko jaietako atxiloketa fitxen filtrazioa argitzeko exijitu du EH Bilduk

Salatu dutenez, fitxak eskuin muturreko komunikabideetan agertu dira. Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari eskatu diete kasua ikertzeko

Bilboko udaltzainak Biboko Aste Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
EH Bilduk salatu du eskuin muturreko komunikabide eta sare sozial batzuetan Bilboko Aste Nagusian Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak ustez egindako atxiloketa batzuen fitxak agertu direla. Hori dela eta, azalpenak exijitu dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari; filtrazioei buruzko galderak egin dituzte bi erakundeetan. «Fitxetan pertsonen izen-abizenak, argazkia eta atxiloketa egin duen Poliziaren logoa ageri dira», zehaztu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaileordeak.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari zuzendutako dokumentuanjaso dutenez, soslai arrazista duten atxiloketa fitxak filtratu dituzte. «Jatorria eta delitua lotu dituzte», salatu du Arzuagak. Eta gehitu du horrek «gorroto diskurtso arrazista» sustatzen duela. Era berean, salatu du pertsonen eskubideak zapaldu dituztela: intimitaterako eskubidea eta ohorerako eskubidea «suntsitu» dituzte, besteak beste.

EH Bilduk azaldu duenez, eskuin muturreko komunikabide eta sare sozialek azaldu dute iturria «euskal Polizia bera» izan dela. «Poliziak irregulartasun bat egin baldin badu, hori aztertu behar da; eta espedientea ireki behar bada edo ondorio zigortzaileak ezarri, egin dezatela; horixe eskatzen dugu».

Zehazki, bost galdera egin dizkiote Erkorekari. Fitxa horien edukia egiazkoa den azaltzeko eta informazio horren jatorria Ertzaintza edo Udaltzaingoa den ikertzeko eskatu diote. Horrez gain, EH Bilduk jakin nahi du filtrazioaren egilea aztertzen ari ote diren, eta zein ondorio izango dituen horrelako filtrazioa egin duen funtzionarioentzat. Filtrazioan agertu diren pertsonen inguruan ere egin dute galdera: «Aztertu da filtrazioaren ondorioz bertan agertzen direnei sortu zaien kalte pertsonala? Zein neurri hartuko dira kalte horri aurre egiteko?» Azkenik, «soslai arrazistaren» inguruan galdetu diote sailburuari: «Pentsatzen al du sailburuak euskal poliziak profil arrazisten arabera egiten dituela atxiloketak edo jardun poliziala?»

Jaurlaritzak eta udalak hilabete barru erantzungo dute. «Aukera genuen zuzeneko interpelazio iskanbilatsua egiteko, baina ez dugu nahi». Zerrendan agertutakoen eskubideak, «aurretik jada urratuak izan direnak», babestu nahi izan dituzte. Arzuagak esan du «kezkatuta» daudela soslai etnikoen eta arrazisten gaiarekin; horregatik, «arduraz» jokatuko dute.

«Harrituta» erantzunarekin

X sare sozialean argitaratu zuen Arzuagak herenegun Jaurlaritzari egindako galdera. Eta «harrituta» geratu da jaso dituen erantzunekin. «Sare sozialetan jendeak anonimotasunetik erantzuten du: barneratuta dagoen sentimendu bortitz bat adierazi dute». Besteak beste, EH Bilduk «gaizkile magrebtarrak babesten» dituela leporatu diete. Beste erabiltzaile batzuek alderdiaren segurtasun eredua azaltzeko eskatu diete. «Interesatzen bazaie, hitz egingo dugu horren inguruan, noski».

Arzuagak badaki eztabaida politikoa sustatu behar dela segurtasunaren inguruan, baina ez «ilegalki» dokumentuak filtratuz. Uda honetan Bilboko Udaltzaingoarekin izandako gertakari jakinen harira besteak beste, konpartsek polizia indarkeria salatu dute jaietan, esan du horien inguruko titulu «handiak» egin direla: «Esan dute segurtasunik ez badago polizia gehiago behar dela eta, beraz, giza eskubide gutxiago». Arzuagak argi utzi du horren aurka daudela: «Prest gaude gaia ondo aztertzeko eta segurtasunak merezi dituen baliabideak martxan jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.