Eusko Legebiltzarrak eskatu du Bilboko kaiak lotura izateko abiadura handiko trenarekin (AHT). Hala galdegin dio Espainiako Gobernuari. Gainera, salgaien garraiorako Atlantikoko korridorea sustatzearen alde egin du. EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPDk babestu dute proposamena.
Korridore hori sustatze aldera,Espainiako Gobernuak Irun-Bilbo-Gasteiz zatiko trenbidearen egokitzapena burutzeko azterketa teknikoa «berehala» hastea nahi du Eusko Legebiltzarrak.
EAJko legebiltzarkide Juan Antonio Arieta-Araunabeñaren ustez, «ezinbestekoa» da Atlantikoko tren korridorea sustatzea. «Gainontzean, errepideetan pilaketa erabatekoa izango da».
Europako Batasunak egun batzuk barru erabakiko du zein korridoreri emango dion lehentasuna salgaiak garraiatzeko orduan. Ekimenaren alde egin dute baita PSE-EEk, PPk eta UPDk ere. Ekonomia sustatze aldera, beharrezkoa ikusten dute AHTa.
Aralarreko legebiltzarkide Dani Maezturen esanetan, onartutako proposamenean defendatzen den garraio eredua ez da iraunkorra: «Akatsa da garapen ekonomikoa garraio azpiegiturekin lotzea». EB eta EA abstenitu egin dira, ez baitute ulertzen zergatik onartu behar den halako testu bat «horren azkar».
Bestalde, gaur hasiko dute, berriz ere, Urbinan egindako AHTaren aurkako martxan atxilotutako sei ekintzaileen aurkako epaiketa. AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, auzipetuei babesa azaltzeko elkarretaratzea egingo dute, 09:00etan, Arabako Probintzia Auzitegiaren atarian.
Bilboko kaia AHTra lotzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Atlantikoko trenbide korridorea sustatzeko neurriak hartzeko geldegin diote Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu