Aste Nagusia

Bilboko Konpartsek bandera marroia eman diote Aburtori

Salatu dute udaltzainak konpartsakide bati jazarri zaizkiola eta 19 orduz atxilotua izan dutela.  

Kaskagorri konpartzaren gunea. ARITZ LOIOLA, FOKU
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko abuztuaren 26a
07:09
Entzun

Bilboko konpartsek Aste Nagusiaren balantzea egin dute gaur goizean. Azpimarratu dute oro har aste "zirraragarria" izan dela, baina izan duela alde ilunik ere. Besteak beste, asteazken arratsaldean, konpartsakide bat atxilotu zuten. Hura familiarekin jaigunean zegoela, udaltzainek sakelako telefonoa eskuetatik kendu zioten, eta, haren erantzunari aurre egiteko, bertan "jipoitu" zuten. Ostean, Miribillako komisariara eraman zuten. Bost orduz izan zuten han, inkomunikatuta, eta konpartsakideak tratu txarrak jaso izana salatu du. Deustuko anbulatorioan artatu behar izan zuten. Hurrengo egunean askatu zuten, baina orain etxean dago, ezin mugitu.

Bilboko Konpartsen ustez, konpartsakideak "bere gorputzean" sufritu ditu udaltzainen gehiegizko presentziaren aurka egindako salaketen errepresaliak. Aste Nagusirako aurreikusia zegoen polizia kopuru "izugarria" salatzeko, Udal Txango Free Munipa Tour ekinaldia egin zuten asteartean konpartsek. Gertakari horien inguruan, salatu dute onartezinak direla udaltzainek erakutsitako biolentzia eta erreakzioa. Azpimarratu dute polizia kopuru ugariak ez duela segurtasuna bermatzen eta "oso kontrako efektua" eragiten duela.

Bandera marroia Aburtori

Udaltzainen aferarekin lotuta, Aste Nagusiaren alderik txarrena adierazten duen bandera marroia, Juan Mari Aburto alkateari eman diote aurten konpartsek. "Banda munizipalaren zuzendaria" izatea egotzi diote. Hain zuzen ere, "jaigunea kopetilun patruilatzen eta jaigunea zapuzten ibili den polizia munizipalaren banda zuzendaria" dela esan dute.  Konpartsak gizartearen aurkako bidean doazela adierazi zuen Aburtok astean zehar. Horri erantzunez konpartsek gogoratu diote haiek kalean bizi direla, "Bai Aste Nagusian eta bai urte osoan zehar, kaletik eraikitzen baitugu jai eredua". Alkateari leporatu diote, halaber, "kalearen sen ona" bere politikak "zuritzeko" erabiltzea.

Konpartsakidearen atxiloketa ez da izan "polizia gehiegikeriaren" adibide bakarra, konpartsen ustez. Asteazken gauean "kaleko saltzaileen kontrako eraso bortitz eta arrazista" izan zela ere salatu dute. 

Ekitaldi jendetsuak

Gertakari ilunez aparte, Aste Nagusia “zirraragarria” izan dela azpimarratu dute Bilboko Konpartsek goizean egindako balorazioan. 566 ekintza antolatu dituzte guztira, eta, horietan, herritarren inplikazioa eskertu nahi izan dute: “Zalantzarik ez dugu, munduko jairik onenen gakoa jendea bera dela”. Goizetan Areatzan egindako sukaldaritza lehiaketak eta hiri krosa izan dira ekitaldirik jendetsuenak. Horrez gain, Gargantuaren itzulerarekin, giroa indartu egin da Arriaga plazan. Halaber, Itsasne Nuñez txupinera eta Bea Sever pregoilariaren lan “bikaina” eskertu dute.

Hala ere, adierazi dute aurtengo Aste Nagusian bi aldiz aktibatu behar izan dutela eraso matxisten aurkako protokoloa. “Tamalez, aurten ere, agertu dira erasotzaileak Aste Nagusian”. Hori horrela, nabarmendu egin dituzte erasotzaileei aurre egin dieten emakumeak eta herritarren inplikazioa bera, eta zera gaineratu dute: "Autodefentsa feminista sustatzen eta gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu".

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.