Bilboko Metroko greba deialdia bertan behera uzteko eskatu du Lopezek

Lehendakaria esku hartzeko prest agertu da, garraiorako eskubidea «egiazko eran» bermatzeko

Bilbo
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Metroan San Tomas egunerako —abenduaren 21a— deituta dagoen grebaren inguruko kezka agertu zuen atzo Patxi Lopezek. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, «zaila da egutegian hain pertsona gutxik hainbeste jenderi kalte egin diezaioketen beste egunik aurkitzea». Greba deialdia bertan behera uzteko eskatu du, eta mobilizazioa mantentzekotan esku hartzeko prest agertu da.

Greba egiten bada «metroaren erabiltzaile guztien garraiorako eskubidea egiazko eran» bermatuko dituzten gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskatuko dio Lopezek Enplegu Sailari. «Sindikatuek ez dute hartuko metroaren gaineko kontrola», ohartarazi du, eta %95eko gutxieneko zerbitzuak ezarri diren kasuak badaudela gogoratu du.

Bihar metroko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek egingo duten bileran «sen ona» gailentzea nahiko lukeela esan du. Greba egiteko arrazoien inguruan «egia azaltzea» beharrezkotzat jo du Lopezek, bere iritziz lur azpiko garraio publikoan diharduten beharginen lan baldintzak «bikainak» baitira.

Lopez, «langileen aurka»

Metroko LABek gaitzetsi du Lopezek lan gatazkarekin erakutsitako jarrera: «Langileen interesen aurka egin du, euren kriminalizazioa sustatuz». Sindikatuaren arabera, lehendakariak «ez du ezagutzen metroko errealitatea», eta «gezurra esaten du». LABen iritziz, Lopezek eta Bilboko Metroko kontseilari nagusi Iñaki Pregok «badakite enpresan inposizioetan eta errespetu faltan oinarritutako egiturazko arazo bat dagoela».

Bestalde, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek Bilboko alkate Iñaki Azkunak auzi honen inguruan esandakoei —greba «umiliazioa» dela bilbotarrentzat— erantzun die: «Umiliazioa hitzartutakoa ez betetzea da. Greba egitea eta enplegua defendatzea duina da». Metroko langile batzordeko kideek agerraldia egingo dute gaur, gatazka zertan den azaltzeko eta «gaiaren inguruan egindako hainbat adierazpeni buruz» iritzia emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.