Bilboko Metroko sindikatuak, lanuztera deitzekotan San Tomas egunerako

Enpresak orain arteko jokabidearekin jarraituz gero, batzordeak ez du baztertu Gabon gauean ere geldialdia egitea

Bilboko Metrorako sarrera, iragan ekainaren 9ko lanuztean. M. RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
San Tomas egunean, abenduaren 21ean, lanuztea egitea proposatuko die Bilboko Metroko langile batzordeak beharginei datorren astean egitekoak diren batzarrean. Enpresak bere jarrerari eusten badio, abenduan lau egunetan lan etenaldiak egiteko aukera jarriko dute mahai gainean batzarrean. Geldialdi horiek, langileak ados badaude, hilaren 13an, 15ean, 21ean eta 22an izango lirateke; 21ekoak eragingo luke arazo gehien, San Tomaseko feria dela-eta egun horretan metroa jende askok erabiltzen duelako.

Lau geldialdi horien ondoren enpresak langile kopuruaren igoeraz negoziatzeko asmorik ez badu, batzordeak ez du baztertzen Gabon gauean ere lanuztea egitea. Hala jakinarazi dio BERRIAri LABeko ordezkari Raul Mendezek. Hilaren 22ko deialdiaren inguruan enpresak izango duen jokabidea «mugarri» izango dela uste du Mendezek, Gabon gauari begira langileen batzordeak egin beharreko urratsak zehazteko. Izan ere, langileen mobilizazioa «zuzendaritza mugiarazteko tresna bakarra» delakoan da Mendez. Iazko Gabon gauerako lanuzteak antolatu zituzten sindikatuek, baina bertan behera utzi zituzten abenduaren 20an, enpresaren zuzendaritzarekin akordioa erdietsita.

76 behargin atzoko etenean

05:45etik 07:45era lanuztea iragarri zuten atzo sindikatuek, eta, enpresaren arabera, 76 langilek ez zuten lan egin bi orduko tarte horretan. Hortaz, metroko zuzendaritzak jakinarazi du geldialdiak %10,27ko babesa izan zuela. Enpresak gaineratu du gainontzeko egunetako bidaiari kopuruarekin alderatuta %90ek erabili zutela atzo geldialdia izan zen bitartean. Protesta amaitu eta ordu erdira, 08:15ean, zerbitzu guztiak ematen ari zen berriro Bilboko Metroa.

Etena egin zuen langile kopuruaren datuarekin ados daude sindikatuak, baina ez enpresak emandako portzentajearekin. Izan ere, datu hori eskuratzeko metroko langile guztiak aintzat hartu izana egotzi diote zuzendaritzari, lanuztearen orduetan lan egin behar zutenak soilik hartu beharrean. Mendezek azaldu duenez, 150 pertsona inguruk lan egin behar zuten, eta gutxieneko zerbitzuak alde batera utzita, geldialdia egiteko aukera zuten langileak ehun inguru ziren. Hortaz, sindikatuek uste dute gutxi gorabehera beharginen%80k bat egin zutela protestarekin, eta oso positibotzat jo dute datua. Gainera, nabarmendu dute ia gidari guztiek lanuztea egin zutela, gutxieneko zerbitzua eman zutenez aparte.

Langileen batzordeak «zuzendaritzaren interes partikularren aurka doan edozein arau sistematikoki urratzea» egotzi dio enpresari. Izan ere, gutxiengo zerbitzuak emateko beharrezkoak direnak baino langile gehiago deitzea leporatzen dio. Hala, Mendezek uste du enpresak ez dituela errespetatzen Eusko Jaurlaritzak emandako aginduak.

Langileen batzordeak deitutako hiru lanuzteetatik bigarrena egin zuten atzo, eta azaroaren 30erako deitu dute hirugarrena. Basauriko metro geltokia martxan jarri zutenean, lantaldea handitzeko eskatu zioten zuzendaritzari, eta uztailean erdietsi zuten akordioa. Orain, besteak beste, hitzartutakoa bete ez izana leporatzen diote beharginek enpresari. Hala, sindikatuek nabarmendu dute langileen eskaerak ez direla ekonomikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.