Bilboko Udala aztertzen ari da Bilbobuseko kontratua bertan behera uztea

Bilbobuseko lan gatazka orain dela bi urte baino gehiago hasi zen. Udalak oraindik ez du aurkitu beharrezko babes juridikoa duen konponbiderik.

Bilbobuseko greba
Bilbobuseko langileen manifestazioa, iazko azaroan. UGT
jakes goikoetxea
2024ko martxoaren 5a
16:30
Entzun

Bilboko Udalak Biobide enpresari eman zion Bilbobus zerbitzua —hiriko autobus zerbitzua— eskaintzeko kontratua. Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak onartu du, ordea, aztertzen ari direla kontratu hori «aldatzea, berrikustea edo bertan behera uztea». Lan gatazka luzea du Bilbobusek, bi urte baino luzeagoa. Lan gatazka horren ondorioetako bat gaur bertan izan da: langileak egun osoko lanuztea egiten ari dira. Langileek greba eta lanuzte ugari egin dituzte bi urteotan, eta, gatazka konpontzen ez bada, greba mugagabea egingo dute apirilaren 9tik aurrera. 

Udalak ez du lan gatazka konpondu. Konpontzeko hartu dituen neurriez galdetu diote EH Bilduk eta Elkarrekin Bilbok Abeteri. Zinegotziak erantzun die udaleko zerbitzu juridikoak «alde guztiak» gogobeteko dituen konponbide bat bilatzen ari direla. Balizko konponbide horien artean dago kontratua bertan behera uztea, baina oraindik ez dute aurkitu beharrezko babes juridikoa duen konponbiderik.

Kontratu handia da, 500 milioi eurokoa hamar urterako, 2019tik 2029ra bitarte. «Beraz, guztia garbi eduki behar da, eta berme guztiak izan behar ditugu», esan die Abetek oposizioko ordezkariei. Prozedurak ez dira «errazak», eta «milioi askoko bermeak» eragin diezazkiokete udalari. Abetek onartu du kontratuak ez dituela aldeak «gogobetetzen», eta lan gatazkak zerbitzua «baldintzatzen» duela. Horregatik, «lehenbailehen» bilatu nahi du konponbidea.

2019an sinatutako lan hitzarmenaren arabera, langileen soldata igoerak %1,5 gehi KPI (kontsumo prezioen indizea) izan behar du kontratuak irauten duen hamar urteetan. Abetek inflazioari egotzi dio arazoaren muina, aurrena COVID-19 pandemiagatik, gero Ukrainako gerragatik. Biobidek %8ko soldata igoera aplikatu zuen 2021ean, eta geroztik ez du soldatarik eguneratu. «Igoera horrek aurreikuspen guztiak suntsitu zituen», zinegotziaren arabera. Enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei. Eta udalaren eta enpresaren arteko kontratuan ez zuten jarri prezioak berrikusteko klausularik.

Abeteren azalpenek ez dituzte oposizioko ordezkariak konbentzitu. Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziaren iritziz, egoerak kudeaketaren «porrot nabarmena» erakusten du. Beste alde batera begiratzea leporatu dio udalari; Xabier Jimenez Elkarrekin Bilboko zinegotziak, berriz, uste du udala gai dela kontratua bertan behera uzteko, eta kudeaketa eredua kritikatu du.

Greba Bizkaibusen, erasoak salatzeko

Bizkaibuseko langileek egun osoko greba egingo dute martxoaren 19an, gero eta eraso gehiago jasotzen dituztela salatzeko, bai fisikoak, bai hitzezkoak. ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek gaur goizean eman dute greba egunaren berri. Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaibus zerbitzua eskaintzen duten enpresei eskatu diete «benetako neurriak» har ditzatela langileen segurtasuna bermatzeko. Sindikatuek salatu dute gidariek gero eta eraso gehiago jasan behar dituztela, bereziki gauetako zerbitzuetan, eta irainak eta errespetu faltak ohikoak bihurtu direla.

Bizkaibuseko langileek Bizkaiko garraio publikoko gainerako langileei eskatu diete bat egin dezatela beren greba egunarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.