emakumeen kontrako indarkeria

Bilboko Udala herri akusazio izango da Amelia Amayaren hilketako auzian

"Genero indarkeriaren aurkako" jarrera izateko eskatu die herritarrei Bozeramaileen Batzordeak. 36 urteko emakumezkoa igandean hil zuten; ustez bere bikotekideak, 42 urteko gizonezkoak.

2010eko uztailaren 27a
12:13
Entzun
Amelia Amaya Jimenezen hilketako auzian herri akusazio izatea erabaki du gaur Bilboko Udalak. Bozeramaileen Batzordeak (EAJ, PSE-EE, PP, EB) bilera egin du goizean eta, haren hilketa gaitzesteaz gain, auzian parte partea deliberatu du. 11:30ean elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean.

Udalak dio Amayaren heriotza "genero indarkeriaren adierazpenik gorena" dela, "baina egunero-egunero gertatzen dira emakumeen aurkako jokabideak-eta; horiek ere salatzeko modukoak dira". Herritarrei eskatu die horren kontrako jarrera hartzeko. "Izan ere, indarkeria mota horrek, emakumezkoen bizitzak txikitzeaz gain, haien gizarteko parte-hartzea mugatu egiten du, eta horrek denak kostu pertsonalak eta sozialak dauzka".

Igandean hil zuten Amaya (36 urte), ustez bere bikotekideak -42 urteko gizonezkoa-. Ertzaintzak domekan bertan atxilotu egin zuen gizonezkoa -bikotekidearekiko urruntze agindua zeukan-.

Ertzainek igandeko goizeko zazpi eta erdietan izan zuten emakumezkoaren heriotzaren berri -etxe batean zendu zen-, eta medikuek autopsian ikusi zuten indarkeria zantzuak daudela gorpuan. Orduan erabaki zuten gizonezkoa atzematea; etxe hartan atxilotu zuten.

Txurdinaga auzoan izan zen gertaera, eta ustezko erasotzailearen ama eta anaia ere atxilotu ditu Ertzaintzak, gertaera ezkutatu izana egotzita.

Aurtengo laugarrena

Emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako laugarren emakumezkoa da Bilbokoa. Beste hirurak: urtarrilaren 17an Tolosan Elena Cal hil zuen ustez haren bikotekide ohiak, otsailaren 8an Barakaldon Amelia Sanchez hil zuen ustez semeak, otsailaren 19an Lasarte-Orian Isabel Velez hil zuen ustez semeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.