Minduta daude Iñigo Cabacasen gurasoak —apirilaren 5ean Ertzaintzak gomazko pilota batekin jota hil zen Cabacas—. «Ezin dugu ulertu», diote azkenaldian semearen heriotzaren inguruan izandako bi gertaerari buruz. Bilboko Udalaren jarrera salatu dute, BERRIAra igorritako ohar batean.
Bilboko Udalak gaiari buruz Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu ere egiteari ezezkoa eman izanak harritu egin du gaztearen familia. Mozioaren lau puntuak banan-banan azaldu, eta eskaerak familiaren sentimenduekin bat egiten zuela adierazi dute, ekimenaren berri izan zutenean udaleko talde guztiek onartuko zuten esperantza zutela.
«Zorigaiztoko gertaera politizatzeko borondateen gainetik, Iñigo Cabacas Lizeranzuren heriotzagatik» samina azaldu, eta senide zein lagunei dolua zein elkartasuna helarazteko eskatzen zuen mozioak. Gertaerak berehala eta erabat argitzeko eta erantzuleek ordaintzeko. Jaurlaritzari «gizartearen eta Europako Batzordearen eskaera» betetzeko proposatzen zion: Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari uzteko.
«Gure harridurarako, mozioa ez zen eztabaidatu ere egin», salatu dute gurasoek. EAJk, PSE-EEk eta PPk zuzenketa bat aurkeztu zutela azaldu dute, eta Herrizaingo Sailaren ikerketa guztiz amaitu arte adierazpenik ez zutela egingo esan zutela.
«Zer argitu behar da autopsiak esan duenean Iñigo Ertzaintzak oso gertutik jaurtitako gomazko pilotaren ondorioz hil zela?», galdetu dute. «Zergatik ez zuten eztabaidatu nahi izan mozio hori?». Senideek justizia eskatzen eta Cabacasen heriotzaren errudunek ordain dezatela aldarrikatzen jarraituko dutela ohartarazi dute.
Beste gertaera bat ere salatu dute: Cabacasen oroimenerako jarria dagoen txokoari eraso egin ziotela larunbatean. Gaztearen argazkia desagertu egin zela, eta loreak, Athleticen banderak eta gainontzekoak lurrean botata agertu zirela. «Nori egiten dio horrenbesteko mina Iñigoren oroimenak?», galdegin dute. Gauzak berriz berehala jarri zituztenei eskerrak eman dizkiete gurasoek.
Bilboko Udalak 'Cabacas auzian' izan duen jarrera gaitzetsi dute senideek
«Nahikoa argiak diren gertaeren» erantzuleek ordaintzeko eskatu du gomazko pilota batek hil zuen gaztearen familiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu