Bilboko Udalari 79 milioiko zorra egitea egotzi dio Bilduk

Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren zorraren %15 ordaindu beharko du udalak, hau da, 29 milioi euro

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken hamabost urteetan Bilbok izandako eraldaketa zorpetu gabe gauzatzeaz harro agertu izan da Iñaki Azkuna alkatea. Ordea, zorrik badela azaleratu du orain Bilduren udal taldeak. Dio 79 milioi euroren defizita utzi diotela hiru auzik udalari: 29 milioi, Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren likidazioak; 30 milioi, Deustuko kanala irekitzeko lanek; eta hogei milioi, Iberdrolaren egoitzaren lekualdatzeak. Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak Azkunaren agerraldia eskatu du, hark azalpenak eman ditzan.

1. Deustuko kanala

Berez, Bilboko Udalak jendaurrean onartu duen zorpetze bakarra Deustuko kanala zabaltzeko obrekin lotutakoa da. Joan den urte amaieran, 2013rako aurrekontuak lantzean, iragarri zuen 30 milioi euro erabiliko zituela kanala irekitzeko, baita zubietako bat eraikitzeko eta lurren kutsadura garbitzeko ere. Europako Inbertsio Bankuari eskatutako kreditu baten bidez lortu ditu udalak 25 milioi, eta Udal Etxebizitzak sozietatearen kutxatik hartu ditu beste bostak. Zorra hiru urtean pagatzea espero du udalak.

«Gu ados gaude zorpetze maila neurrizko batekin, baina ez zorpetze osoa azpiegitura handietan biltzearekin», azaldu du Ibaibarriagak. Udal Etxebizitzen aurtengo aurrekontuaren %30 izango dira bost milioiok; trukean Zorrotzaurreko lur batzuk emango dizkio udalak bere sozietateari. Edonola ere, Bilduk ez du ontzat jo obrarako dirua hortik hartzea: «2008tik hona Udal Etxebizitzek jasotako eskaerak bikoiztu egin dira; eskaintza %13 baino ez da igo. Emergentzia, orain, etxebizitza da, hor inbertitu behar da».

2. Bilbao Ria 2000

Bilbao Ria 2000en likidazioaren ondorioz, haren zorraren parte bat ordaindu beharko du Bilboko Udalak. Bilbo Handiko hirigintza egitasmoak kudeatzeko sorturiko sozietatearen zorra 2010ean eskatu zuen kreditu batetik dator: 215 milioi euro lortu zituen, jabetzan zituen lurren balioan oinarrituta. «Baina lurrak ez dituzte tasatutako prezioan saldu, merkeago baizik». Oraindik lur batzuk saltzeko dituen arren, Bilbao Ria 2000ek 195 milioi euroko zorra du gaur egun. Bilboko Udalak %15eko partaidetza du sozietatean, beraz, 29 milioi dagozkio zorretik.

2017ra arte dute erakundeek zorra ordaintzeko. 2015. urtea funtsezkoa izango da, orduan ehun milioi pagatu beharko dituztelako; udalak, hamabost.

3. Iberdrolaren egoitza

Baina hori ez da udalak Bilbao Ria 2000ekin duen zor bakarra. Beste hogei milioi ordaindu behar dizkio, 2005ean Iberdrola enpresaren egoitza aldaketaren inguruan eginiko hirigintza operazio batzuen ondorioz.

Gardoki kalean Iberdrolak zuen egoitzaren lursailari kalifikazioa aldatu zion udalak, bertan luxuzko etxebizitzak egiteko. Ibaibarriagak salatu du enpresaren proposamenari jarraiki egin zutela eragiketa: «Birkalifikazioa egitean, hogei milioi euroko aprobetxamendu bat aitortu zion Iberdrolari, eraikinaren patioan. Baina hor ezin zen aprobetxamendua egikaritu, patioa behar zelako». Orduan, aprobetxamendu transferentzia bat egin zuten, «Abandoibarreko partzelara, baina zor moduan». Gaur egun, Iberdrola dorrea dagoen lursaila merkatzea ekarri zuen horrek. Baina gune hura Bilbao Ria 2000ena zenez, udalak bere gain hartu zuen bi prezioen arteko aldea: hogei milioi euro.

«Operazio guztia legezkoa da. Beste kontu bat da zein neurritan den zilegi instituzio batek halako hirigintza ingeniaritza egitea». Birkalifikazioak interes orokorraren arabera egin behar direla nabarmendu du. «Udalak birkalifikazioa onartu zuen, jakinda hogei milioiko zorra eragingo ziola». Zorrik ez duela adierazi izan du udalak, ordea. «Hori ez da egia. Zor hori 2005etik dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.