Bilbon eta Zumarragan salbu, airearen kalitatea ona da

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak puntu ilun gisara aurkeztu ditu Gipuzkoa eta Bizkaiko hiru leku

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Airearen kalitatea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ona da. Oro har. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak EAEko Kontrol eta Zaintza Sareko iazko datuak jakinarazi ditu, eta aditzera eman du airearen kalitateak, lekurik gehienetan, legeak ezartzen dituen kutsadura mugak ez dituela gainditzen. Hiru leku dira salbuespena: Bilboko Larraskitu auzoa eta Mazarredo zumardia eta Gipuzkoako udalerri bat, Zumarraga.Leku horietan ipinita dauden neurgailuek ezarritako mugetatik haragoko kutsadura datuak bildu dituzte.

Bilboko bi kasuetan iaz inguru horietan egindako obrak jo ditu gehiegizko kutsaduraren ziotzat Ingurumen Sailak. Zumarragako kasuan, berriz, zirkulazio gehiegizkoari eta inguruko industriaren jarduerari egozten dio kutsadura.

Neurketen berri ematean, Jaurlaritzako iturriek zehaztu nahi izan dute neurgailu guztiek datu balekoak eman dituztela hainbat kutsadura motari dagokionez. Zumarragan eta Bilbon egindako neurketa arauz kanpokoetan, hain justu, soilik airean esekita dauden partikulen neurketek gainditu zituzten jarritako mugak.

Aldeko iritzia

Datuen interpretazio orokorra aintzat hartuz, ontzat jo dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek: «Datuek baieztatu egiten dute iragan urteotako bilakaera baikorra». Atzera begirako bat egin nahi izan dute datuen interpretazio egoki hori berresteko. Izan ere, 2006an ezarritako mugak gainditu zituzten neurketa lekuak hamalau izan zirela gogorarazi dute Jaurlaritzako iturriek, eta 2007an sei izan zirela; gainera, ordutik, urtero, soilik hiru lekutan agertu dela gehiegizko kutsadura azaldu dute.

Atmosferan egin beharreko neurketan irizpideak EB Europako Batasunak jartzen dituela gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak, eta horren arabera ezartzen direla mugak. Ingurumen Sailak neurketak egiteaz gain kutsadura saihesteko neurriak hartzen dituela gogorarazi du: udal eta enpresetarako proiektuak sustatzen ditu, kutsadura gutxitu dezaten.



Datua

70

Airearen kalitatea neurtzeko dituen puntu finkoak. Eusko Jaurlaritzak 70 puntu finko ditu airearen kalitatea neurtzeko. Horrez gain, beste bost neurgailu mugikor ditu. Hala nola, nitrogeno dioxidoa, karbono monoxidoa, ozonoa, sufre dioxidoa eta airean esekitako partikulak neurtzen dituzte, onartutako mugak gainditzen diren ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.