Gaurtik aurrera, Bilbon ibilgailuek ezingo dute orduko 30 kilometro baino azkarrago joan. Bilboko errepideen %87tan indarrean zegoen neurria –gainerako eremuetan, orduko 50 kilometrokoa zen–, baina hiri osora zabaltzea erabaki dute orain. Horrela, abiadura muga hori ezartzen duen 300.000 biztanletik gorako lehen hiria da munduan.
Erabakia hartzeko arrazoiak hainbat dira, Jesus Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez: «Istripu gutxiago nahi ditugu, eta noski, hildako bat bera ere ez. Berotegi gasen ondorioz sortutako kutsadura gutxiago nahi dugu, baita zarata gutxiago ere. Heriotza bakar bat eragozten badugu, neurriak merezi izango du».
GilekBizkaiko Hitza-ri adierazi dionez, mundu osoan 300.000 biztanle baino gehiago dituen lehen hiria izango dira abiadura muga hori ezartzen. Zinegotziaren arabera, orain arte «onura itzelak» izan ditu hirian orduko 30 kilometroko muga ezarri izanak: «Ibilgailuek eragindako zarata edo kutsadura akustikoa apaldu egin da, kutsadura eragiten duten partikulen isurketa ere txikitu da, istripuak gutxitu dira, eta bizikletaren erabilerak gora egin du».
Donostian, neurria zabaltzea aztertzen
Donostiako alkate Eneko Goiak ziurtatu duenez, lanean ari dira hiri horretan ere orduko 30 kilometroko muga kale gehiagotara zabaltzeko. «Ez dugu egun batetik bestera egin, pixkanaka baizik, orduko 30 kilometrora joateko eremua handituz, eta kale gehiago gehituz». Hori «zehatz» egin behar dela nabarmendu du, eta, agian, leku batzuetan orduko 50 kilometroko muga mantendu daitekeela. «Egia da zenbait gremiorengan edo sektorerengan eragin negatiboa izan dezakeela erabaki orokor batek, zenbait zerbitzutan denbora galtzen baita».