Bilbon ume bat bahitzeaz akusatutako emakumeak delitua egin zuela aitortu du

2022ko urrian ume jaioberri bat eraman zuen Basurtuko ospitaletik. Akusatuak, negarretan, adierazi du ez zela bere asmoa haurra bahitzea.

Akusatutako emakumea, epaiketan, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
Akusatutako emakumea, epaiketan, gaur. MIGUEL TOÑA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 14a
12:45
Entzun

Hasi da Bilbon ume jaioberri bat bahitzeaz akusatutako emakumearen kontrako epaiketa. Akusatuak negarrez eta labur erantzun die abokatu defendatzailearen galderei: umea eraman zuela aitortu du, eta barkamena eskatu die umearen gurasoei. «Ez zen nire asmoa, ez nengoen nire onean», azaldu du.

2022ko urriaren 19an izan ziren orain Bizkaiko Probintzia Auzitegian epaitzen ari diren gertaerak. Emakume bat Bilboko Basurtuko ospitalean sartu zen gauez, osasun langile baten itxurak eginez. Ginekologia plantara jo zuen, eta han ume jaioberri bat eraman. Haurra hurrengo egunean agertu zen, onik, Santutxu auzoko atari batean. Emakumea handik gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak, Zorrotza auzoan. Gertaera horren harira, erietxeetako amatasun unitateen segurtasuna zorroztuko zuela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak.

Gurasoen «sufrikarioa»

Umearen gurasoek ere deklaratu dute, eta azaldu dute zenbateko «sufrikarioa» pairatzen ari diren bahiketa gertatu zenetik. Esan dutenez, laguntza psikiatrikoa behar izan dute, eta emakumea oraindik gaixoaldian dago, jasandako traumaren eraginez: «Gauez asaldatuta esnatzen gara, berriro gertatuko ote den beldur».

Umearen amak azaldu du emakumea zenbait aldiz sartu zela ospitaleko gelan, erizaina zelakoan, eta umea eskatu ziola, proba batzuk egin behar zizkiotela esanda: «Nik besoetan hartu nuen, eta eman egin nion. Ez nuen berriro ikusi».

Fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatzen du emakumearentzat, eta akusazio partikularrak, berriz, zazpi urtekoa. Defentsako abokatuak, aldiz, absolbitzeko eskatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.